Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren bilera berri bat egin dute gaur eguerdian Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak gidatuta, eta bertan izan dira Confebaskeko ordezkariak eta CCOO eta UGTeko zenbait arduradun ere. ELA eta LABek ez dute bileran parte hartu.
Torresek nabarmendu du Elkarrizketa Sozialerako Mahaia gobernantza partekatuaren adierazpenik “onena” dela, “non instituzioek, enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek askotariko posizioetatik lan egiten dugun akordio sendoak eraikitzeko”.
Lehen aldiz hiru urtetan, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak neurri sorta bat adostu du. Kasu honetan, Ekialde Hurbileko gatazkaren inpaktu ekonomikoari aurre egiteko neurriak izan dira. Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, 2 milioi eurorekin lagunduko du gerra dela eta ABEE aldi baterako enplegu-erregulazioan dauden langileen langabezia, eta 100 milioi bideratuko ditu kontratazioa sustatzeko.
Jaurlaritzak dirulaguntza osagarri bat gehituko die aldi baterako lan-erregulazioko espedienteetan dauden langileen langabezia-prestazioei, "zaurgarriagoak eta soldata murritzagoak dituztenei", enplegua mantentzeko betebeharraren baldintzapean. “Gure enpresak eta langileak babesteko neurri zehatzak adosteko gai izan gara, bai langabeziagatiko prestazioen osagarriak, bai birkualifikazio eta birkokatze programak”, azaldu du lehendakariordeak.
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua eta Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua ere bileran izan dira.
Confebasken izenean, Tamara Yagüe presidentea, José Miguel Ayerza Adegiko presidentea, Juan Ugarte SEAkoa eta Francisco Javier Azpiazu CEBEKeko idazkari nagusia izan dira. CCOO Euskadiren izenean, Santi Martinez idazkari nagusia izan da eta , UGT Euskadiren ordezkari izan dira José Manuel López kudeaketa batzordeko presidentea, Xuria Arza Berdintasun, Gizarte Politika eta Aniztasuneko idazkaria eta Daniel González Politika Sindikal eta Instituzionaleko idazkaria.
UGTk, CCOOk, Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzak langile migratuen kudeaketa hobetzeko lantalde bat osatzea ere adostu dute gaurko bileran.