• EKONOMIA
  • Hainbat ontzi ez dira itsasoratu Ondarroan, erregaiaren prezioaren igoeragatik

Hainbat ontzi ez dira itsasoratu Ondarroan, erregaiaren prezioaren igoeragatik

Bost ontzi dira momentuz, baina datozen egunetan gehiago izan daitezkeela ohartarazi du OPPAOk

iStock 1780066896
iStock 1780066896
2026eko martxoaren 25a - 12:28

Erregaiaren prezioen igoerak askotariko ondorioak uzten ari da euskal ekonomian. Horietan azkena izan da Ondarroako alturako hainbat arrantza-ontzik harturiko erabakia, ez itsasoratzearena, alegia. Momentuz, bostek erabaki dute lehorrean geratzea, orotara 60 arrantzaleri lana ematen diotenak. Dena den, Mikel Ortiz OPPAO Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteko zuzendariak Radio Nervion irratian azaldu duenez, ontzi gehiagok bide bera hartu lezaketela. 

 

Jakina da aste honetan bertan Espainiako Gobernuak deskontua ezarri diela erabilera profesionaleko erregaiei. Litroko 20 zentimo gutxiago pagatuko dituzte. Aitzitik, beherapena ez da nahikoa itsasora ateratzeko "galerarik izan gabe". Gainera, aurten berdelaren kanpaina aldez aurretik ixteak ere eragina izan du errentagarritasunean, OPPAOtik adierazi dutenez. 

Zifrak ere eman ditu Ortizek. Lehen 60 zentimo ordaintzen zituzten eta "nekez baina moldatzen" ziren. Orain 1,19 euro ordainduta, "ateratzea dirua galtzea da". Gauzak hala, Eusko Jaurlaritzari eta Arrantza Ministerioari eskatu diote laguntza gehiago jartzeko prezioen igoera konpentsatu asmoz, eta berdelaren kuota ere zabaltzea. 

 

Momentuz, helburua ez da kaleratzerik izatea, baizik eta oporrak aurreratu edo aldi baterako erregulazio espedienteak aurkeztea.