
Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Spri Taldearen Sprilur erakunde publikoak hamabi lehiaketa publiko argitaratu ditu 2025eko lehen sei hilabeteetan. Obra horietatik bost urbanizazio eta eraikuntza obrak egiteko dira, eta gainerako zazpiak, aldiz, obra horiei lotutako zerbitzuetarako (lurrak deskutsatzea, garbiketa industrialak egitea, hondakinak kudeatzea eta bestelako jarduketak).
Eraikuntzarako eta urbanizaziorako lizitatutako bost obrak honako hauek izan dira: UERT partzela zaharra (Burtzeñan, Barakaldo) lehengoratzea; D sektorea eta Plaiabarri bidea (Erandio) urbanizatzea; lehengo Arcelorren pabiloietan garbiketa industriala egin eta hondakinak kudeatzea ; Bildosola Artean pabiloien estalkiak berreraikitzea; eta, oraindik esleipen bidean dagoen arren, Etxeuliko (Santurtzi) obren lehiaketa.
Obra horiei lotutako zerbitzuetatik honakoak esleitu dira jada: UERT partzelako eta Erandioko urbanizazio lanen zuzendaritza eta kalitate kontrola; Azucarera eraikinaren (Gasteiz) mantentze-lan eta sarbide-kontrola; eta Urdulizko Dorrearen garbitasun eta mantentze-zerbitzuak.
Eraikuntzarako eta urbanizaziorako lanetarako 18,5 milioi euro erabili dira eta zerbitzuei dagokienez guztira 882.000 euroko kontratuak egin dira.
Bigarren seihilekoari dagokionez, beste hamalau lehiaketa martxan jartzea aurreikusi du Sprilurrek: Navacel (Trapaga) birgaitzeko obrak, Pradoko (Mungia) lurzoruaren kalitate-adierazpena lortzeko indusketa-plana egiteko obrak, Oikiako (Zumaia) industrialdea berrurbanizatzeko proiektua, Herrera Iparraldean (Pasaia) zazpi pabiloi berriren proiektua idazteko eta hirugarren sektoreko eraikina handitzeko zerbitzuak…