Eroski Fundazioak Nola jaten dugu? izeneko azterketa egin du Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Eliadura Ministerioaren Kontsumo Paneleko datuetan oinarrituta. Txostenak dioenez, egunero eta maiztasunez jatea gomendatzen diren elikagaiak 2024an kontsumitu den janari guztiaren %73,45 izan dira; noizbehinka edo oso noizbehinka jatekoak gomendatzen direnak, berriz, %26,55 izan dira.
Ikerketaren arabera, haurren presentziak eragin nabarmena du etxeetako elikaduran. Haurrik gabeko etxeetan hobeto jaten da, %74k baino gehiagok gomendatutako elikagaiak jaten baititu. 0 eta sei urte bitarteko haurrak dituzten etxeetan, berriz, %70k jaten ditu osasun zuzen baterako gomendatutako jakiak.
Haurrez gain, denborak eta aisialdiak ere eragina du elikaduran. Norbanakoak bere egunerokoan eskuragarri duen denborak eta elikagaien kalitatean inpaktu zuzena duela ondorioztatu du txostenak. Erosketa egiteaz arduratzen den pertsona landuna denean, %72,1ekoa da gomendatutako elikagaien betetze maila. Langabea denean, aldiz, ia %75ekoa.
Adina ere kontuan hartu beharra dago. 35 urtez azpikoetan jaki gomendagarriak %37k erosten ditu, eta 65 urtez gorakoen artean %47,93ra igotzen da, hots, 10 puntu baino gehiago. Era berean, igo egiten da frutaren kontsumoa (%11,45etik %19,37ra) eta arrainarena (%2,58etik %4,31ra).
Halaber, etxearen tamainak eragin zuzena du dietaren kalitatean. Zenbat eta kide gehiago, orduan eta garrantzi txikiagoa dute gehien gomendatzen diren elikagaiek: %74,89 kide bakarreko familietan eta %71,63 lau kide edo gehiagokoetan.
Azkenik, haragi kontsumoa igo egin da (prozesatuena barne) eta arrainarena apaldu. Eroski Fundazioaren arabera, horrek desoreka dakar pertsonen nutrizioan.
“Datuek erakusten dute Espainian elikadurak hobekuntza esparruak dituela; batez ere haurrak eta gazteak dituzten etxeetan. Elikagaien banakuntzan, gure ardura da aukera osasungarriak eta merkeak eskaintzea, eta familiei laguntzea jateko ohiturak hobetzen”, nabarmendu du Alejandro Martinez Eroski Fundazioko zuzendariak.