Donald Trumpek eta Ameriketako Estatu Batuek Iranen aurkako gerra hasteak, bertako herritarren bizitzen eta Giza Eskubideen aurkako kolpe lazgarria izateaz gain, ondorio ekonomikoak ekarri ditu Iranentzat, beste munduko herrialdeentzat, baita Hego Euskal Herriarentzat ere. Horietariko bat, eta herritar guztiok pairatzen ari garena, erregaien —gas naturala, gasolina eta dieselaren— garestitzea da, gerra honek sortu duen energia krisiaren emaitza nagusiena izanik.
Ormuzeko Itsasartea ixteak petrolioaren (eta aldi berean gas naturalaren) prezioen igoera ekarri du, eta horrek erregaien garestitzea. Ez genuen horrelakorik ikusten Ukrainako gerra hasi zen garaitik.
Ormuzeko Itsasartea ixteak petrolioaren prezioen igoera ekarri du, eta horrek erregaien igoera. Ez genuen horrelakorik ikusten Ukrainako gerra hasi zen garaitik
Espainiako Gobernuak egoera horri erantzun dio 7/2026 Errege Lege Dekretua, martxoaren 20koa, Ekialde Hurbileko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onartuta. Planak 5.000 milioi euro mobilizatzen ditu gerraren eragin ekonomikoa arintzeko, babes soziala eta fiskala indartuz. Neurri garrantzitsuen artean honako hauek nabarmendu daitezke: elektrizitateak (10 kW arteko kontratuak), gas naturalak, biomasa termikoak eta erregaiek (gasolinak eta gasolioak) duten Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) %10era jaistea eta Hidrokarburoen gaineko Zerga mugikortasun kostuak arintzeko legezko gutxienekora murriztea.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Gizarte-arloan, aparteko deskontuak aktibatu dira gizarte-bonu elektrikoan —%57,5era iristen da kontsumitzaile kaltebera larrien kasuan—, eta debekatu egiten da krisiaren ondoriozko arrazoiengatik kaleratzea laguntzak jasotzen dituzten enpresetan. Gainera, uraren eta energiaren hornidura bermatzen da 2026ko amaierara arte. Halaber, planak zuzeneko laguntzak ematen ditu garraioaren, nekazaritzaren eta arrantzaren sektoreetarako, ongarrien eta erregaien gainkostua konpentsatzeko.
BEZaren bilketa EAE eta Nafarroaren kasuan
Fiskalitateari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) eta Nafarroako Foru Komunitateak (NFK), hurrenez hurren, Ekonomia Ituna eta Hitzarmen Ekonomia daukate, beraien autogobernuaren adierazle nagusiena eta Eskubide Historikoa. Hori horrela, itun horien bidez arautzen dira EAE eta Estatuaren, eta Nafarroako Foru Komunitatea eta Estatuaren arteko tributu- eta finantza-harremanak.
Sistema horien bidez, EAEko eta NFKko administrazio eskudunek zerga itunduak biltzen dituzte —batzuk eurak araututa eta besteak Espainiako gobernuak—, eta kupo global gisa finantzatzen dituzte Estatuak bere gain hartutako kargak, non Estatuak ez duen inolako kopururik jasotzen zerga itunduengatik.
BEZari dagokionez, zerga itundua da eta arau erkideen bidez arautzen da, beraz, bilketa Euskal ogasunei dagokie, baina araugintzako edukia Estatuari
Zerga itunduen kasuan, bilketa bertako ogasunei dagokiela adosten dute Hego Euskal Herriko administrazioek (EAE eta NFK bakoitza bere aldetik) Estatuarekin, horretarako sorturiko batzordeetan, alegia, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan eta Ekonomia Hitzarmenaren Koordinazio Batzordean. Zerga arautzeari dagokionez, arau erkide eta autonomokoen artean bereizten dira. Lehenengo kasuan, Estatuko arauaren eduki berdina izan behar da eta hemengo erakunde eskudunek ez duten eskumenik (edo oso eskumen gutxi) berau arautzeko. Aldiz, bigarrenean, hemengo erakunde eskudunek dute edukia arautzeko eskumena.
BEZari dagokionez, zerga itundua da eta arau erkideen bidez arautzen da, beraz, bilketa Euskal ogasunei dagokie, baina araugintzako edukia Estatuari. Hori horrela, Espainiako Gobernuak onartutako BEZaren %10eko jaitsiera Hego Euskal Herrian aplikatu beharra dago eta horrek zerga bilketaren ikuspuntutik, EAEren kasuan 232 milioi eurotako eta NFK kasuan 9,2 milioi eurotako jaitsiera ekarriko du.
BEZaren jaitsiera erregai saltzaileen mesedetan?
Ukrainako gerran izandako krisi energetikoari aurre egiteko aplikatu zen neurria ere antzekoa izan zen. Momentu hartan 20 zentimoko hobaria ezarri zen kontsumitzen zen erregai litro bakoitzeko. Gauzak hala, hauxe ikusi zen orduan: nahiz eta herritarrek, printzipioz, erregaiengatik gutxiago ordaindu Ogasunaren kaltetan, amaieran izandako hobariak ez zuen azken prezioa jaitsi behar bezain beste, eta irabazi guztia (edo gehiena) erregai saltzaileek eraman zutela. Gaur egun ere ikusi behar da ea antzeko zerbait gertatzen ari den. Izan ere, BEZa jaitsi arren, erregaien prezioa gerraren aurrekoa baino handiagoa izateak ez du zertan esan nahi erregai-enpresak direnik neurriaren onuradun nagusiak, igoera horren arrazoia hidrokarburoen nazioarteko kostua handitzea izan baitaiteke. Hala ere, zerga-beherapena ez bazaio azken kontsumitzaileari osorik helarazten, irabaziaren zati bat banaketa-kateak xurgatu dezake eta hartutako neurriak ez luke bere funtzioa beteko.
Irango gerra hasi aurretik, Espainian batez besteko prezioa litroko 1,437 eurokoa zen 95 gasolinarentzat eta litroko 1,480 eurokoa dieselarentzat, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Hidrokarburoen Geoportalaren 2026ko otsailaren 28ko datu ofizialen arabera. Apirilean, BEZa %10era jaitsi ondoren, batez besteko prezioa litroko 1,548 eurokoa da 95 gasolinarentzat eta litroko 1,867 eurokoa dieselarentzat.
Erregai-enpresek egoera honetan izango duten irabazia (edo galera) kontrolatuz ikusiko da ea benetan zer nolako eragina izan duen herritarrentzat Espainiako Gobernuak hartutako BEZa jaisteko neurriak.
Ogasunen bestelako aldi baterako neurriak
Aldi berean, EAEko aldundiek 308 milioi euroko neurri fiskalak bultzatu dituzte, Irango gerraren ondorioei aurre egiteko. Pizgarri fiskalen pakete bat onartu dute, enpresen eta autonomoen likidezia hobetzeko: zerga-zorrak geroratu dituzte, autonomoentzako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ordainketa zatikatuak salbuetsi dituzte, BEZaren itzulketak bizkortu dituzte, enplegua sortzeagatik kenkariak areagotu dituzte eta enpresa-inbertsioetan amortizazio azeleratuak aplikatu dituzte. Neurri horiek ez dira zuzeneko laguntzak, baizik eta produkzio-sarearen finantza-presioa arintzea helburu duten aldi baterako zerga-murrizketak eta -malgutzeak. Nafarroako Gobernuak, bestalde, 28 milioi euro inguruko lehen laguntza-sorta onartu du.
Ogasunen neurriak ez dira zuzeneko laguntzak, baizik eta produkzio-sarearen finantza-presioa arintzea helburu duten aldi baterako zerga-murrizketak eta -malgutzeak
Ikusi beharko da hartu diren neurriak egoerari aurre egiteko baliagarriak diren, eta benetan herritarrek eta enpresa txiki zein autonomoek laguntza hori nabaritzen duten edota bestelako erabaki gehiago hartu beharko diren aurrerantzean ere. Hala ere, hartuko diren neurriek ogasunen zerga bilketa jaistea baldin badakar, kontuan izan behar dugu. Izan ere, aurretiaz urterako aurreikusitako gastu publiko berdina mantendu nahi baldin bada, Ogasunek sarrerak handitu beharko dituzte, dauden bestelako tributuen karga-tasak handituz, tributu berriak edota karga berriak ezarriz (adibidez, energiaren aldi baterako karga) edota zor publikoa handituz. Bestela, geratuko den aukera bakarra murrizketak egitea izango da.