Hegan EAEko aeronautika sektoreko klusterrak urteko batzar nagusia egin du gaur Miñaoko teknologia parkean, Gasteizen. Egun klusterra osatzen duten 82 bazkideek 3.413 milioi euroko fakturazioa izan zuten iaz, 2024an baino %14,9 gehiago. Fakturazio osoaren %59 motorren atalari dagokio; aire-egituren sektoreari % 30, sistema eta ekipamenduen atalari %6, eta espazioari, berriz, %5.
Hegan osatzen duten erakunde nahiz enpresek 168 planta dituzte mundu osoan zehar, horietatik 107 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Espainian, Alemanian, Brasilen, Frantzian, Txinan, Estatu Batuetan, Indian edota Mexikon dituzte lantegiak. Gauzak horrela, 15.133 langileri ematen diete enplegua enpresa hauek, 2024an baino %4,4 gehiagori. Horietatik, 6259 beharginek EAEn egiten dute lan.
Klusterreko bazkideen esportazioak 2.896 milioi eurokoak izan ziren, hau da, salmenta guztien %85. Herrialdeei dagokienez, Erresuma Batura (%30), AEBetara (%22), Alemaniara (%21) eta Frantziara (%8) egin ziren salmenta gehienak. Era berean, I+G+b arloan 213 milioi euroko inbertsioa egin dute orotara.
Gaurko batzarrean Hipolito Suarez Heganeko lehendakari eta Aernnovako idazkari nagusia izan da, baita Martin Loizaga klusterreko zuzendari ondokoa ere. Adierazi dutenez, iazko zifrek erakusten dute “sektore sendo eta heldu batean berezko erresilientzia maila” duela klusterrak, eta EAEko industria aerospazialaren egokitzeko gaitasuna ere nabarmendu dute.
Orain, “ustekabeko eta konplexutasun handiko ingurune batean hazkundea eta aukera handiak kudeatzea “da Heganen erronka, eta Europako balio-kate aeroespaziala babestearen aldeko aldarria egin dute, “kontinentearen aberastasunerako, ongizate sozial eta demografikorako eta haren segurtasunerako eta babeserako funtsezkoa den sektore kritiko bati eusteko”.