Hegazti gripearen aurkako neurriak ezarriko dira gaurtik aurrera Hego Euskal Herrian, Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak erabaki baitu hainbat eremutako etxeko hegaztiak konfinatzea.
Hego Euskal Herriko etxaldeetan gripe kasurik atzeman ez bada ere, hegazti askeekin izan dezaketen kontaktua ekidin nahi da. Azken asteetan gripe kasu gehiago zabaldu baitira Europan, Frantzian eta Alemanian, batik bat.
Neurriak Arabako eta Nafarroako hemezortzi udalerriri eragingo die. Nafarroakoak hauek dira: itillas, Tutera, Arguedas, Valtierra, Viana, Corella, Murchante, Cascante, Ablitas, Barillas, Zarrakaztelu eta Tafalla. Arabakoak: Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Burgelu, Legutio, Gasteiz eta Zigoitia.
"Neurri egokiak hartuz gero, birusa hedatzea galarazi dezakegu", adierazi du Luis Planak Espainiako Gobernuko Nekazaritza ministroak, eta zehaztu du neurriak milioi bat oilo baino gehiagori eragingo diela.
Ipar Euskal Herrian urriaren 22an ezarri zuten etxeko hegaztiak konfinatzeko neurria, eta indarrean da gaur-gaurkoz.