Hego Euskal Herriak Estatuko lan absentismo tasarik altuena dauka, Adeccoren arabera

Lanera agertzen ez direnen kopurua %9,8koa da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta %8,3koa Nafarroan

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Adecco Group Institute ikerketa eta dibulgaziorako erakundeak 2022ko hirugarren hiruhilekoari dagokion absentismo eta lan istripuei buruzko argitaratu berri du. Bertan emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak du, Espainiar estatua kontuan hartuta, lanera agertzen ez diren langileen kopururik handiena, %9,8, hain zuzen ere. Nafarroak jarraitzen dio, %8,3ko tasarekin. Bi kasuetan, urte osoko datuak kontuan hartutan hartuta, %1 inguruko igoera izan du tasak. Kataluniak dago Hego Euskal Herriaren atzetik, %7,2ko tasarekin. Gainerako lurralde guztiek %7tik beherako datua lortu dute.

Javier Blasco ikerketa zentroko zuzendariaren arabera, “udako oporren eraginez hitzartutako ordu efektiboek izan duten beherakada nabarmenaren ondorioz” iritsi da datu hori.

Era berean, aldi baterako ezintasunaren ondoriozko absentismoaren tasa %7,4koa izan da EAEn. 2021ekoarekin alderatuta %1,2 igo da eta Estatu mailan lehen postuan dago hemen ere.

Sektoreka banatuz gero, industria arloan izan dira huts egite gehien. Atzetik ditu eraikuntzaren eta zerbitzuen sektoreak.

Lan-istripuek behera

Txostenak lanean izandako ezbeharren datuak ere ezagutarazi ditu. Haren arabera, lan-istripuek %21 egin zuten behera 2022ko hirugarren hiruhilekoan. Espainiako intzidentzia orokorra 234koa izan da, eta 214an kokatu da Euskadi, Nafarroan 10.000 biztanleko 291 izan badute lan-istripuren bat ere.

Sektoreka banatuta, eraikuntzan izan dira istripurik gehienak. Atzetik ditu industria eta nekazaritza. Kontrara, zerbitzuen sektorean zenbatu dira istripu gutxien.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK