• EKONOMIA
  • Hego Euskal Herriko aireportuen artean, Iruñekoa izan da uztailean bidaiariak galdu dituen bakarra

Hego Euskal Herriko aireportuen artean, Iruñekoa izan da uztailean bidaiariak galdu dituen bakarra

Bilboko, Gasteizko eta Hondarribiko aireportuek bidaiari gehiago izan dituzte uztailean, eta Iruñekoak, berriz, %2 gutxiago

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2026ko abuztuaren 12a - 14:42
Eg. 2026ko abuztuaren 12a - 14:46

Udako hilabeteetan bidaiak ugaritu egiten diren arren, aireportu guztiek ez dute bilakaera bera izan: batzuek bidaiari gehiago izan dituzte eta beste batzuek, gutxiago. Aenak Hego Euskal Herriko uztaileko datuak eman ditu.

 

Bilboko aireportuak 806.402 bidaiari erregistratu ditu uztailean, 2025eko hilabete berarekin alderatuta %16,8 gehiago. Hazkundea bereziki nazioarteko trafikoan nabaritu da: bidaiari kopurua %27,7 handitu da, 426.289 bidaiariraino. Barneko hegaldi komertzialetako trafikoa ere igo da, %6,6, 378.924 bidaiarirekin. Guztira, 5.739 lurreratze eta aireratze izan dira, iazko uztailean baino %14,9 gehiago. Urteko lehen zazpi hilabeteetan, 4.367.752 bidaiari eta 32.419 operazio pilatu ditu, %9,6 eta %3,9ko igoerekin, hurrenez hurren.

Gasteizko aireportuak izan du uztailean bigarren hazkunderik handiena bidaiari kopuruari dagokionez: 32.801 bidaiari izan ditu, iazko uztailean baino %19,5 gehiago. Gainera, 1.460 lurreratze eta aireratze egin ditu, 2025ean baino %9,4 gehiago. Urteko lehen zazpi hilabeteetan, 223.226 bidaiari pilatu ditu, 2025eko aldi berean baino %29,8 gehiago, eta 8.877 operazio, %6ko hazkundea izan du, alegia.

 

Hondarribiko aireportuak ere gora egin du uztailean, baina erritmo motelagoan. Guztira, 49.510 bidaiari izan ditu, 2025eko uztailean baino %3,6 gehiago, eta 784 operazio egin dira, iaz baino %15 gehiago. Urtarriletik uztailera, 277.200 bidaiari igaro dira aireportutik, iazko aldi berean baino %0,8 gehiago, eta 3.804 lurreratze eta aireratze egin dira, urte arteko %0,7ko hazkundearekin.

Iruñean, aldiz, joera bestelakoa izan da, aireportutik igaro den bidaiari kopurua iazkoa baino txikiagoa izan delako. Beherakada %2koa izan da, 20.175 bidaiarirekin. Operazioak ere %0,5 gutxitu dira, 812 mugimendurekin. Hala ere, urteko lehen zazpi hilabeteetako balantzea positiboa da: 141.880 bidaiari izan ditu, iazko aldi berean baino %6,4 gehiago, eta 4.589 lurreratze eta aireratze, %14,8ko igoerarekin.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain