Hego Euskal Herriko esportazioak ia %24 hazi ziren azarora arte

40.000 milioi euroko salmentak egin ziren, 2021eko epe berean baino 9.600 gehiago

Bilboko portua | Argazkia: EnpresaBIDEA Bilboko portua | Argazkia: EnpresaBIDEA

2022ko esportazio datuak positiboak izan dira Hego Euskal Herriarentzat. Azarora bitarte, atzerrira egindako salgaiak %23,9 hazi ziren aurreko urtearekin alderatuta, 40.000 milioi euroko salmentak eginez. Azaroari begiratuz gero, berriz, datuak zertxobait apalagoak dira, hazkundea %18,9koa izan baitzen 2021eko hil beraren aldean, 4.101 milioi euroren esportazioak eginda.

Lurraldeka banatuz gero, Nafarroak izan zuen urteko hazkunderik txikiena, %11,9; Gipuzkoak %23,8; Arabak %28,9 eta Bizkaiak %31. Inportazioei begiratuta, berriz, Bizkaia izan zen esportatu baino gehiago inportatu zuen euskal lurralde bakarra. Bilboko Portuak eragin zuzena izan zuen horretan, energia produktuen inportazioa %85 hazi zelako azaroan bakarrik.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean, ibilgailuak izan ziren gehien esportatu zirenak, 2.495 milioi euro lortuz. Atzetik du trenaren sektorea, 426 milioi euroko esportazioekin. Petrolio olio finduen eta metalezko tutuen esportazioak ere %125 eta %111 igo ziren. Energia produktuei lotuta, berriz, 2021ean baino 1.357,6 milioi euro gehiago esportatu ziren. Eroslerik handienak Alemania eta Frantzia izan ziren, ohikoa den bezala.

Nafarroan ere autogintzak pisu handia izan du. Esportazioen %37,5 ibilgailuak eta haien osagaiak izan ziren, guztira 3.702 milioi euro, 2021ean baino %10 gehiago. Erosle nagusia Alemania izan zen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK