Hego Euskal Herriko industria prezioek nabarmen egin dute gora urtebetean, %29,7ko igoera izan dute Euskal Autonomia Erkidegoan eta %21,3koa Nafarroan, Eustat eta Nastatek argitaratu berri dituzten datuen arabera. 2022ko apiriletik maiatzera bitarte ere aldaketak izan dira: Euskadiren kasuan, %2,9ko igoera izan dute baina, Nafarroaren kasuan, beheranzko joera hartu dute industria prezioek, %0,6 jaitsi baitira.
Azterketa xeheago bat eginda, agerian geratu da petrolioarekin eta energiarekin lotura dutenak izan direla prezioetan hazkunderik nabarmenena izan dutenak. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, petrolioaren sektoreko prezioak %7,2 igo dira hilabetean, apiriletik maiatzera; metalurgia eta metalezko produktuenak %5,3 eta energia elektrikoa, gasa eta lurruna %2,1. Urte arteko terminoetan, berriz, 2021eko maiatzetik 2022ko maiatzera, petrolioaren sektoreko prezioak %70,5 igo dira; energia elektrikoa, gasa eta lurruna %70,2 eta metalurgia eta metalezko produktuak, berriz, %33,6. Nafarroaren kasuan, 2021eko maiatzetik 2022ko maiatzera bitarte, %125,6 igo dira energiarekin zerikusia duten sektoreetako prezioak.
Era berean, apiriletik maiatzera, prezioek behera egin dute ehungintza sektorean eta garraio-materialaren fabrikazioan eta erauzketa-industrian.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta