• EKONOMIA
  • Hego Euskal Herriko inflazioak puntu bat baino gehiago egin du gora martxoan

Hego Euskal Herriko inflazioak puntu bat baino gehiago egin du gora martxoan

Urteko lehen hiru hilabeteetan %1,2 hazi dira prezioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, %0,9

Erregaiaren prezioak nabarmen egin du gora Irango gerraren ondorioz | Argazkia: iStock
Erregaiaren prezioak nabarmen egin du gora Irango gerraren ondorioz | Argazkia: iStock
2026eko apirilaren 14a - 10:16
Eg. 2026eko apirilaren 14a - 10:34

Martxoaren amaieran iragarritako inflazioaren igoera berretsi da, eta Hego Euskal Herrian nabarmen egin du gora KPIak azken asteetan Irango gerra dela eta. INEren arabera, EAEn %1,1 egin du gora, eta %3,4ean kokatu da. Nafarroan, aldiz, %1,2 igo da, eta %3,4 kokatu da.

 

Urteko lehen hiru hilabeteetan %1,2 hazi dira prezioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, urtea hasi zenetik, inflazioak %0,9 egin du gora.

Ekialde Hurbileko gatazkak petrolio eta gasaren garestitzea ekarri du, besteak beste, Ormuzko itsasartea itxita egon delako, eta horrek eragin du inflazioak denbora gutxian nabarmen gora egitea. Hala, Espainiako Estatuan inflazioaren igoera %1,1eko izan da martxoan, eta %3,4koa da orain urte arteko tasa.

 

INEk azaldu duenez, martxoko inflazioaren gorakadan eragina izan dute ibilgailu erregaien eta lubrifikatzaileen prezioen igoerak, eta, neurri txikiagoan, elektrizitatearen jaitsierak, iazkoa baino txikiagoa izan baita. Era berean, jantzien eta oinetakoen prezioen igoerak ere inpaktua izan du.

EAEn jantzi eta oinetakoen prezioa %7,9 handitu da martxoan eta garraioarena %4,3. Foru Erkidegoan jantzi eta oinetakoak %5,6 garestitu dira eta garraioa %4,2.