• EKONOMIA
  • Herritarren botereak tresnak behar ditu

Herritarren botereak tresnak behar ditu

Bi hilabete bete dira Carlos San Juan Valentziako jubilatuak bankuak ziaboga egitera behartu zituela. Sarean abiatutako kanpaina batek oihartzun zabala lortu, eta Gobernua mugiarazi zuen. Nola bideratu behar da geroz eta gizarte digitalago honetan herritarren partehartzea? Ba al dago horretarako tresna egokirik?

(Argazkia: EnpresaBIDEA)
(Argazkia: EnpresaBIDEA)
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2022ko apirilaren 22a - 05:30
Eg. 2026ko urtarrilaren 28a - 11:08

Ziaboga arraunontzi bat baliza baten inguruan biratzean datzan maniobra da, ontziaren ibilibidearen noranzkoa aldatzeko egiten dena. Horrela biltzen du Wikipediak. Arraun eremuaz aparte ere, bada ziaboga berbak ezin hobeto irudikatzen duten egoera andana; duela bi hilabete, Carlos San Juan 78 urteko valentziarrak lortu zuena, esaterako.

 

Ohiko bankuarekin aritzea geroz eta lan nekezagoa iruditzen zitzaion Valentziako jubilatuari: benetako hieroglifiko bihurtzen diren aplikazio informatikoak, kontuak kudeatzea korapiltzen zuen arreta telematikoa, eta adinekoak bankuetatik aldentzen zituzten izapide telematikoak. Bankuek, gainera, kutxako eragiketak burutzeko geroz eta ordutegi murriztuagoak ezartzen zituzten.

Parkisonak jota dago San Juan, eta dirua ateratzeko kutxazain automatikoan nekez moldatzen da. Egoerarekin erabat asaldatuta, eta jende asko antzeko egoeran ikusita, sinadura bilketa egitea erabaki zuen change.org atariaren bitartez. Egin, eta baita lortu ere. Berehala, 640.000 sinadura bildu zituen Adindua naiz, baina ez ergela izeneko kanpainaren bitartez, inondik inora espero ez zuen atxikimendu zabala.

 

Ekimenak erraz egin zuen salto ohiko komunikabideetara, eta bere aldarriak oihartzun handia izan zuen. Izan ere, Nadia Calviño Espainiako gobernuko Ekonomia eta Eraldaketarako ministroak harrera egin zion bere kezkak entzuteko. Espainiako Bankuko gobernadoreak berak ere aferari lehentasuna eman zion.

Bankuen politiken ziaboga lortu Carlos San Juanen ekimenak. Adineko bezeroekiko arreta politikak aldatzea lortu zuen. 

Egun gutxira, 2022ko otsailaren 21ean, Espainiako bankuen elkarte nagusiek hitzartu zuten kolektibo zaurgarrienen arreta bermatzeko konpromisoa jasotzen duen protokoloa zabaltzea, eta 65 urtetik gorako bezeroak kolektibo horretan sartu zituzten. Adostutako neurrien artean aipagarrienak izan dira bulegoetako arreta orduak zabaltzea, adindunei lehentasuna emanez, telefono bidezko arreta eta formakuntza sustatzea. Bankuak berehala hasi ziren ezartzen.

Euskal Herrian, Kutxabankek eta Laboral Kutxak, besteak beste, martxoaren 15ean zarri zituzten 65 urtez gorakoak aurrez aurre artatzeko neurriak. Bulegoen ordutegia zabaldu zuten eta lehentasunezko arreta telefonikoa eman zien. Beste helburu bat izan zen formakuntzan eragitea. Kutxabanken kasuan, iaz abian jarritako adinduentzako formakuntza jarduerak indartu zituen.

Bankuen politiken ziaboga lortu Carlos San Juanen ekimenak; estrategia aldatu, eta adineko bezeroekiko jarrera aldatu zuten. Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko Zuzendari Nagusiak Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketan kanpainak "begiak zabaldu” zizkiela onartu zuen, “ez Kutxabanki bakarrik, banka osoari “. Bankuak konpromisoa hartu zuen erantzun zabalagoa emateko.

Tresnen adibide bat: osoigo.com

Bezero, kontsumitzaile, eta oro har, gizartearen kezkak zuzen bideratzeko tresnen beharra mahai gainean jarri du jubilatu honen ekimenak. Berak change.org ataria hautatu zuen, baina badira herritarren partehartzea sustatzea helburu duten bestelako plataformak. Euskal Herrian, bada erreferente bihurtu den gazte gipuzkoar batzuen ekimena: Osoigo.com.

Osoigo.com plataformaren bidez 45.000 galdera bideratu dute milloi bat partehartzailek

Zarautzen sortutako enpresa da Osoigo, eta “erantzuten duten politikarien ataria” garatu dute herritarrentzako politika partehartzailea sustatzeko asmoz. Dagoeneko milioi bat lagun baino gehiagok parte hartu dute plataforma honetan 45.000 galdera baino gehiago bideratuz.

Xabier Murua atariaren sortzaileetako bat da, gizartean eragitea xede duten ideia, proiektu eta negozio-eredu berrien ekosisteman erabat murgilduta dagoen gazte donostiarra. Mondragon Unibertsitateko LEINN ikasketak bukatu eta berehala ikusi zuen bazegoela herritarren partehartzea sustatu eta indartzeko beharra. Eneko Agirrerekin batera, gizarte-plataforma hau bultzatu zuten 2017an. Bost urteko ibilibide honetan, ekimen andana jarri dute martxan.

"Entzuten dakiten politikarien atari" gisa definitzen dute Osoigo.com. Bost urte hauetan herritarrek erakunde ugariko politikariei galderak bideratu dizkiete: Nafarroako Parlamentukoei, Eusko Legebiltzarrekoei, Espainiako Kongresukoei eta Senatukoei, besteak beste. "Gizartearen aniztasuna islatzen dute herritarren galderek: giza eskubideak, osasuna, zergak...", dio Muruak.

Bai politikari ezagunak, bai ez hain ezagunak aritu dira herritarrei erantzuten, adibidez, Rebeka Ubera, Joseba Agirretxea, Javier Esparza, Maria Chivite eta Oskar Matute. Politikan mainstream bihurtu diren izenek ere herritarren galderak jaso eta erantzun dituzte: Toni Cantó, Pablo Iglesias, Cristina Cifuentes, Pablo Casado... 

Politikari ezagunak, eta ez horren ezagunak, herritarrei erantzuten ikusi ditugu

Atariak azken urte hauetan izandako harreraren ondorioz beste urrats bat eman du: osoigonext.com plataforma. Helburua argia da: "partehartzeak erakargarria, dibertigarria eta sinplea behar du izan", adierazi du Muruak. Administrazio publikoek eta enpresek langile eta bezeroei aditzeko ataria da, beraz. "Pertsonen iritziak eta ideiak ezagutzeko tresnak sortu ditzakete, inkesten, bozketen, foroen eta bestelako erreminta teknologikoen bitartez", gaineratu du ekintzaileak.

Euskal Herrian aintzindariak izan dira herritarren partehartzea errazago egiteko gamifikazio estrategiak lantzen. "Bilboko Dot kooperatibaren eskutik, 2050.thefuturegame.org sortu genuen", nabarmendu du donostiarrak, eta "BBK Fundazioa, EITB eta Badalab moduko erakundeak izan ziren ekimen honen erabiltzaileak".

Carlos San Juanen adibideak nabarmen azaltzen du partehartzerako tresnen beharra.

"Carlos San Juanen adibideak nabarmen azaltzen du partehartzerako tresnen beharra", azpimarratu du ekintzaileak. Berez ustez, inoiz baino behar handiagoa dago herritarrak entzun, kontuan hartu, eta haien iritzi eta ideiak martxan jartzeko, borondate politikoa eta instituzionala falta da, tresnak badirelako.

Etorkizuneko gizartea pentsaldian dagoen une honetan, "ziurra da erabakiak eta botereak banatuago egongo direla", aipatu du Muruak. Osoigo.com start-up donostiarrak tresnak jarri dizkie herritarrei. "Boterea gorpuztea da erronka", bukatu du.