ELAk “ratio egokiak, langile talde egonkorrak, euskarazko murgiltze eredua eta lan karga eta antolamendu egokiak” nahi ditu EAEko hezkuntza publikoan, eta hori dela eta, elkarretaratzea antolatu du Bilbon irailaren 11n. Sindikatuak Jaurlaritzari eskatu dio baliabide gehiago jarri eta inbertsio handiagoa egiteko hezkuntza publikoan, besteak beste, “segregazioari erantzuteko”.
“2023ko Hezkuntza Legea eta 2025eko irakasleen lan baldintzen inguruko akordioa dira hezkuntza Sailaren egungo jardunaren oinarri. Eta hau honela den bitartean ez da hezkuntza publikoa indartzeko eta segregazioari aurre egiteko aldaketa sakonik izango”, adierazi du ELAk ohar bidez. 2023ko legea eta 2025eko akordioa aldatu behar direla iritzi dio sindikatuak, eta gainerako sindikatuekin bilduko dela iragarri du, aldaketa hori proposatzeko asmoz.
Sindikatuaren esanetan, Jaurlaritzak “eskola segregazioa eragiten duten faktore nagusiei ez heltzea erabaki du, hala nola pobreziaren lurralde banaketa desorekatua edo hiru saretan zein hiru hizkuntz eredutan banatutako hezkuntza sistema”.
Halaber, ELAk azaldu du ez dela ratio hobekuntza nabarmenik egon, ez eta ratio politika aldaketarik ere. Enplegu orokorrik ez dela bermatzen, eta euskarazko murgiltze eredua ez dela ezarri ere salatu du.
Gauzak horrela, ikasturte berriaren hasiera probestuko du ELAk Hezkuntzaren Bilboko Ordezkaritzaren aurrean elkartzeko. Goizeko 11:00etan egingo da kontzentrazioa.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta