• EKONOMIA
  • Hilabete batean inoizko igoerarik handiena izaten ari da Euriborra

Hilabete batean inoizko igoerarik handiena izaten ari da Euriborra

Ekaineko lehen hamabostaldian gorakada itzela izan du eta % 1eko langa gainditzear dago

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2022ko ekainaren 15a - 08:14

Urtebeterako Euribor indizea aurreko mendearen bukaeran sortu zen, Euroarekin batera. Bere historia laburrean zehar % 5eko langa gainditzera heldu zen 2008ko finantza krisiaren atarian. Krisi horrek, baina, beherakada suposatu zion. Tasa negatiboetan ere ezagutu izan dugu Euriborra. - % 0,50 baino beherago egon izan da. Izan ere, duela 6 hilabete eskas ingurune horretan ibili izan da.

 

Ekain honetan erabat ez ohikoa den egoera bizitzen ari da hipotekentzako erreferentziazko indizea. Inoizko igoerarik maldatsuena izaten ari da. Hilabete batean ez zaio horrelako igoerarik ezagutu. Maiatzean euriborrak % 0,287eko hilabeteko batez bestean bukatu zuen eta aurreko hilabetean % 0,013. Ekaineko lehen hamabostaldian hilabeteko batezbestekoa % 0,6tik gora kokatu da. 

Hileko batezbestekoari beharrean eguneko tasari erreparatuta igoera adierazgarriagoa da. % 0,95era heldu da eta urte bukaerarako hainbat analistek espero zuten % 1eko langa gainditzetik oso hurbil kokatu da. Aurreikuspen guztiak hautsi ditu, hortaz, Euriborrak.

 

Igoera honek tasa aldakorreko hipoteka duten familiei eragiten die zuzenean. Azken urteetan tasa finkoko hipotekak nagusitu badira ere, oraindik bezero askok tentuz begiratzen diote Euriborrari tasa aldakorreko maileguak dituztelako. Hego Euskal Herrian 135.000 lagun inguru egoera horretan dagoela estimatzen da. Bezero horiek maileguaren kuotetan igoera pairatuko dute. Inflazioaren gorakadari gehitu beharreko beste arrisku bat suposatuko du horrek Espainiako Bankuak berriki ohartarazi duenez.

Bankuak euriborraren igoerari begira haien estrategia komertzialak aldatzen ari dira eta berriro ere tasa aldakorreko hipoteken alde egiten ari dira.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain