Hiltzearen negozioa

"6.000-7.000 euro inguruko kostua du hiltzeak, lagunok. Ordaindu ahal duenarentzat behintzat"

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Urtzi Ugalde
2026eko martxoaren 12a - 05:30

Goizeko 6:00ak dira, larunbata. Loari ezin eutsiz, aspaldian burutik bueltaka dudan gai baten inguruan idaztea erabaki dut. Amaren heriotza eta gero, ukitu gabeko ertz bat, tabu bat. Zauria itxi eta meloiak ireki. Hemen doa beste bat, dastatu nahi edo ahal duenarentzat: hiltzearen negozioa.

 

Ez dakit nori eta zein unetan —mendebaldeko gizon zuri hetero kapitalista bati seguruenik— gizakion momentu eta behar kritikoenaren aurrean negozio egitea okurritu zitzaion, baina bete-betean “asmatu” zuen. Gizartea geroz eta zaharkituagoa den honetan, etekin ekonomiko izugarriak sortzen dituen sektorea da. Biribila. Hego Euskal Herrian 114 miloi inguru fakturatzen duen industria (monopolio ezkutua) da, populazioaren erdiak heriotza-aseguru bat kontratatua duelarik.

Hileta zerbitzuen batez besteko kostua 3.800 eurokoa da eta hil ondorengo papeleoa —asistentzia legala eta ondasun edo zorren izen aldatze minutak— beste horrenbeste. Bada 6.000-7.000 euro inguruko kostua du hiltzeak, lagunok. Ordaindu ahal duenarentzat behintzat.

 

Egoera hori oso larria iruditzen zait, baina, oro har, isilpean daramagu. Bakoitzak ahal duen bezala, zaratarik atera gabe, hil denaren “bakea” profanatu ez dezagun. Izan ere, heriotza zerbitzuak erosten ditugunean —bai, erosi— gure egoera emozionala kolokan izaten dugu, arrazionalki pentsatu eta erabakiak hartzeko zailtasun nabarmenekin. Itsu-itsuan aurrean jartzen diguten guztia sinatu eta ordaintzen dugu, ahalik eta azkarren “tragoa” pasatzeko asmoz, mina noiz baretu itxaropenez.

Eta hori guztia, zu eta kapitalismoa aurrez aurre, inongo babes administratiborik gabe, instituzioen utzikeria konplizearen biktima.

Kudeaketa horiek ez pentsa gainera gauetik egunera egiten direnik. Nire kasuan behintzat urte bete inguru itxaron behar izan dut burokraziak bere lana guztiz bete dezan. Abokatu, katastro eta ogasunaren denborak zure denbora bitalaren kontra egiten du, doluaren orbaina noiz atera zain.

Nik zorte handia izan dut amak zentzu horretan aurreratutako lanengatik, ondoan izan ditudan senide eta lagunengatik... baina egoera hori ez da berdin lehertzen etxe guztietan. Abagune askoz ere zaurgarriagoan dauden herritarrek honi guztiari nola egiten dioten aurre galdetzen diot askotan nire buruari. Lokatza.

Pertsona baten galera ezin da negozio bilakatu, momentu hain berezi eta konplikatuetan ezin du merkatuak agindu. Besteak beste, ez garelako denda baten aurrean askatasunez aukeratzeko gai den kontsumitzaile hotza, psikologikoki baldintzatua eta gutxitua dagoen gizaki hauskorra baizik.

Ezin dugu onartu. Honek guztiak goitik beherako eraldaketa bat behar du. Uste dut enpresa publiko batek kudeatu beharko lituzkeela gure gertukoak agurtzeko eta haien lekukoa hartzeko prozedura guztiak. Doako zerbitzu minimo eta duina bermatu beharko lukete instituzioek. Eta hortik gora, behar bereziagoa dutenei beren errenta eta ondasun ahalaren arabera kobratu. Eta beste guztia, legez kanpoko iruzurra. Punto.