
Europako Banku Zentralak abiatutako interes tasen gorakadak nabarmen egin die kalte hipotekadun askori, baita hipoteka berri bat izenpetu nahi dutenei ere. Hala, hipoteka kopuruak nabarmen egin du behera uztailean Hego Euskal Herrian. Zehazki, etxebizitzen gaineko 1.739 hipoteka sinatu dira INEk argitara eman dituen datuen arabera. Urte arteko jaitsiera %12,3koa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta % 16,6koa Nafarroan.
Hilabete batetik bestera ere beherakada nabarmena izan da. INEren arabera, ekainetatik uztailera %23 hipoteka gutxiago izenpetu dira EAEn eta %29,6 Nafarroan. Halaber, denera Hego Euskal Herrian, lehen aipatutako 1.739 hipoteketan 262,48 milioi euro mailegatu dira. Hortaz, batez besteko hipoteka 150.938 eurokoa izan da uztailean.
Estatu mailan, etxebizitzen gaineko 29.223 hipoteka sinatu dira guztira uztailean, iazko epe berean baino %18,8 gutxiago, eta batez besteko hipoteka 143.412 eurokoa izan da, iaz baino %2,6 gutxiago.