Hipotekak malgutzeko neurriak onartu ditu Espainiako gobernuak

Praktika Onen Kodea zabaldu egingo die 25.200 euroko errenta izanik hipotekan hileroko errentaren % 50 baino gutxiago ordaintzen dutenei. Horrekin batera, hipoteka urtebetez izoztu ahalko dute 29.400 euro baino gutxiagoko errenta dutenek

Nadia Calviño, gaurko prentsaurrekoan | Argazkia: Eduardo Parra/Europa Press Nadia Calviño, gaurko prentsaurrekoan | Argazkia: Eduardo Parra/Europa Press

Euriborraren igoera bortitzak kinka larrian jar ditzake hipoteka aldakorra duten familia asko. Urtarrilean -%0,477ekoa izatetik, une honetan batez beste % 2,81ekoa izatera igaro da Europako Banku Zentralak interes-tasak igo ondoren, eta horrek hilean 200 euro gehiago ordaintzera eraman ditzake. Igoera arintzeko asmoz, Espainiako gobernuak hainbat neurri onartu ditu, familia zaurgarrienak laguntzeaz gain (25.200 euroko errenta baino gutxiago dutenak), 29.400 euro bitarteko errenta erdiko familientzat mekanismo alternatiboa ere ezarrita.

Jakina zen Espaniako gobernuak eta bankuak negoziazio prozesuetan zirela udatik. Neurriak erdi lotuta izanik ere, ez ziren ados jartzen onuradunak nor izan beharko luketen finkatzeko garaian. Azkenean bart itxi zuten akordioa, nahiz eta ezin izan zuten bankuen sektoreko ordezkari guztiekin baieztatu. Hala ere, gaurko ministro kontseiluan onartu dute.

Horren arabera, 2012an Rajoyren gobernuak onartutako Praktika Onen Kodea eguneratuko du. Batetik, orain arte bezala 25.200 euroko errenta duten eta hileroko errentaren %50 baino gehiago hipotekara bideratzen duten familiek bost urteko gabealdia eskatu ahalko dute, baina epe horretan interes-tasa euriborra gehi 0,25ekoa izan ordez, -0,1ekoa izango da. Horrekin batera, maileagua 7 urtez luzatu ahal izango dute, eta etxea ordainean emateko aukera ere zabaldu egingo da, bi urtera.

Bestetik, Praktika Onen Kodearen eguneratzeak neurri bereziak jasoko ditu 25.200 euroko errenta izanik ere hipotekara %50 baino gutxiago bideratzen dutenentzat. Izan ere, bi urteko gabealdia eskatu ahalko dute, interes-tasa txikiagoan eta mailegua 7 urtez luzatu.

Era berean, kode berri bat onartu du gobernuak 29.400 euro bitarteko errenta erdiko familientzat: hipotekaren kuota 12 hilabetez izoztea, eta beste kasuetan bezala, mailegua 7 urtera bitarte atzeratu ahal izatea. Horretarako, bi kondizio bete beharko dituzte familiek: errentaren % 30 baino gehiago bideratzea hipoteka ordaintzera, eta euriborraren igoera dela eta hipoteka % 20 baino gehiago garestitzea.

Neurri horiekin batera, gobernuak onartu du 2023an amortizazio interesak barkatzea zorra kitatzen dutenei, eta komisioak barkatuko ditu hipoteka aldakorretik finkora aldaketa egiten dutenei.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK