Hipoteken igoerari aurre egiteko neurriak ezbaian

Hipoteken kuotak ordaintzeko zailtasunak dituzten bezeroentzako neurriak adostu nahi ditu Espainiako Gobernuak bankuekin. Hipoteken kuotak urtebetez izoztea proposatu du Caixabankek

Hipoteka aldakor eta mixtoen eskaintza handitu dute finantza erakundeek | Argazkia: EuropaPress Hipoteka aldakor eta mixtoen eskaintza handitu dute finantza erakundeek | Argazkia: EuropaPress

Inflazioaren gorakadak familien ekonomia gogor estutu du azken hilabeteotan, erosteko ahalmena murriztuz. Bada, baina, hilero familia askok aurre egin beharreko beste esfortzu gehigarri bat: hipoteka maileguen garestitzea.

Prezioen garestitzeari aurre egiteko Europako Banku Zentralak moneta-politika abian jarri zuen uda aurretik tasak 50 puntu igoz. Iraila hasieran, ordea, bere historiako tasa-igoerarik handienari ekin zion eta oinarrizko 75 puntu igo zituen erreferentzia-tasak, % 1,25eraino. Horrek urtebeterako Euriborraren igoera frenetikoa eragin du azken asteetan, abuztuan % 1,249 izatetik irailean % 2,233 izatera igaro baita. Urrian ere goranzko joera izan da, eta atzo urriko behin behineko batezbestekoa % 2,518 izan zen. Urriaren 27an bilduko da berriro Europako Banku Zentrala eta tasak berriro igotzea aurreikusten da. Gakoa igoeraren neurria izango da eta horrek Euriborrean izango duen eragina.

hipoteka-faktura 2.300 baino gehiago garestitu da batez beste urtean, eta Hego Euskal Herrian 202.000 hipotekadun ingururi eragingo die, Euriborrari lotutako hipoteka maileguak baitituzte

Dinamika horren ondorioz, hipoteka-faktura 2.300 baino gehiago garestitu da batez beste urtean, eta Hego Euskal Herrian 202.000 hipotekadun ingururi eragingo die, Euriborrari lotutako hipoteka maileguak baitituzte. Egoera honen aurrean hainbat eragile neurri eske hasi zaio Espainiako Gobernuari. UGT sindikatuak hipotekadunentzako erreskate-fondoa proposatu zuen irailean, eta Podemos eta EH Bildu alderdiek ere gobernuari arazoari aurre egiteko eskatu diote. Espainiako Gobernuak sindikatuek eta alderdiek proposatutakoei uko egin die, baina hiritarren "finantza-zama arintzeko" neurriak aztertzen ari dela esan du.

Bestalde, gobernuak abiatu du bankuekiko negoziazioa borondatezko neurriak hartzeko eta, oraindik akordioa urrun badago ere, hainbat finantza erakundek haien proposamenen berri eman dute. Caixabankek, esaterako, hipoteken kuotak urtebetez "izozteko" proposamena egin du. Espainiako banku nagusiak biltzen dituzten CECA eta AEB elkarteei egin die proposamena finantza erakunde kataluniarrak. Oraindik proposamena xehe ezagutzen ez bada ere, bezeroek kuotak urtebetez izozteagatik sortzen den interesen aldea maileguaren epemugan ordaindu beharko lukete. Caixabankena ez da bankuek mahai gainean duten proposamen bakarra. Bezeroek kuotetan ordaindu beharrekoa gutxitu aldera maileguetan amortizazio-gabealdiak ere proposatu dituzte. Hala, bezeroek urtebetez interesak baino ez lituzkete ordainduko, maileguaren zenbatekoa murriztu barik. Honek kuotak arindu bai, baina ez luke zorra murriztuko. Maileguen epemugak luzatzea ere proposatu lezakete bankuek Espainiako Ekonomia Ministerioarekin izango dituzten negoziazioetan.

Aurreko krisietako aurrekariak

Ez da lehen aldia gobernuak finantza erakundeekin bezero zaurgarrien finantza-zama arintzeko neurriak adosten dituenik. 2008ko finantza krisiak gogor astindu zituen familiak eta hainbat bezerok etxeak galdu zituen, hipoteka maileguen kuotei aurre egin ezinik. Kaleratze kopuruak ere gora egin zuen. Zauri sakona zabaldu zuen egoera horrek eta kaleratzeen kontrako mugimenduak asko ugaldu ziren.

Mariano Rajoyren gobernuak 2012ko martxoan onartu zuen baliabiderik gabeko hipoteka-zordunak babesteko premiazko neurriak arautzen zituen Errege Dekretua. Araua, baina, hipotekek kaltetutako plataformen eta kaleratzeen kontrako mugimenduen aldarrikapenetik urrun gelditu zen. Dekretuak esklusio egoeran zeuden familiei hainbat eskubide aitortu zien, bankuekin negoziatu ahal zezaten. Zaurgarritasun egoera zehazteko IPREM indizea (Ondorio Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoa) ezarri zuen dekretuak, egun 8.106,28  eurokoa dena, eta bankuek bezeroei eskaini beharreko neurriak ere bildu zuen: bost urte bitarteko amortizazio-gabealdiak kuotetan eta mailegua 40 urtera luzatzeko aukera. Dekretuak bankuentzako borondatezko Jardunbide Egokien Kodea ere jaso zuen. Kodeak ohiko etxebizitzaren gaineko bermea duten hipoteka maileguen berregituraketa bideragarria lortzea zuen helburu.

 Rajoyren gobernuak 2012an onartu zuen egun indarrean dagoen baliabiderik gabeko hipoteka-zordunak babesteko premiazko neurriak arautzen zituen Errege Dekretua

COVID-19aren garaian, gobernuek pandemiari aurre egiteko ezarritako murrizketek enpresen jarduera mugatu zuten eta Espainiako Gobernuak, enpresen likidezia arazoei aurre egiteko, Krediturako Institutu Ofizialak (ICO) bermatutako maileguak eskaini zizkien. Mailegu horiek urtebeterako amortizazio-gabealdia eskatzeko aukera zuten eta enpresa askok horrela sinatu zuten. Pandemia luzatu ahala enpresa askoren arazoak areagotu ziren maileguak ordaintzeko, eta 2021ean gobernuak bankuei borondatezko Jardunbide Egokien Kode berri bati atxikitzeko proposamena luzatu zien. Kasu honetan, zorrak itzultzeko zailtasunak zituzten enpresen maileguak berregituratzeko neurriak biltzen zituen kodeak, eta Espainiako bankuen % 98k bat egin zuten kodearekin. 

Oraingoan Ekonomia Ministerioak duela hamar urteko kodean bildutako neurrietan sakondu nahi du, zaurgarri bezala hartzeko baldintzak arintzeko. Hala, bezero gehiagok izango lukete kodean jasotako bankuen "jardunbide egokiak" eskatzeko eskubidea.

Bankuek hipoteka aldakorren alde berriro

Ipar Euskal Herrian ez bezala, Hegoaldean tasa aldakorreko hipotekak nagusi izan dira historikoki. Europako Banku Zentralak 2014ean tasa negatiboak ezartzeko erabakiak, baina, joera hori aldatu egin zuen. Tasa negatiboek luzerako joko zutela ikusita eta emaitza kontuetan errentagarritasuna lortze aldera, bankuek interes-tasa finkoen aldeko hautua egin zuten. Hala, azken zortzi urteotan bankuek mailegu mota horiek sinatu dituzte nagusiki. 2021ean, esaterako, Kutxabankek sinatutako maileguen % 69 tasa finkokoak izan ziren eta Laboral Kutxak % 70. Nicolás Almarza Ayarza Bilboko notarioak ere joera hori berretsi dio EnpresaBIDEAri. 2016ean hasi zen lanean notario bizkaitarra, eta "hasiera batean gehienak tipo aldakorrak baziren ere, 2018tik aurrera tipo finko oso onak eskaintzen hasi ziren bankuak. Adibidez, bankuak eskatutako loturak betez, maileguaren tasa finkoa % 0,6ra heldu zen". Almarzaren esanetan sinatutako maileguen % 80 tasa-finkoko maileguak ziren.

Gaur egun badira 202.000 familia Hego Euskal Herrian tasa aldakorreko maileguak indarrean dituztenak, eta horiek dira interes-tasen gorakadak gogor kaltetuko dituenak. Egoerak kezkatuta alternatiba bila aritu dira hainbat bezero, eta bankuetan maileguak aldaberritzeko eskaera egin dute, tasa aldakorretik finkora aldatzeko. Maileguaren aldaberritzea notario baten aurrean egin behar da eta horrek baditu kostuak. Bezeroek bankuekin negoziatzen duten tasa finko berriaren onura, hortaz, aldaberritzearen kostuarekin alderatu beharko da errentagarri den ikusteko. Tasa aldakorretik finkora aldatzeko joera argi ikusten du Nicolás Almarzak, izan ere, "abuztutik aurrera asko nabaritzen da, eta gero eta aldaberritze gehiago sinatzen ari da".

Nicolás Almarza (notarioa): "abuztutik aurrera tasa aldakorretik finkora pasatzeko gero eta aldaberritze gehiago sinatzen ari da"

Bankuek, halere, merkatal estrategiak aldatu dituzte eta, interes-tasek oraindik gora egingo dutela ikusita, hipoteka aldakor eta bitarikoen aldeko mugimendua egin dute, eta hipoteka finkoak garestitu dituzte. Gaur egun nekez aurkitu daiteke % 3,5tik beherako hipoteka-finkorik. Hipoteka aldakorren kasuan, ordea, lehia bizia zabaldu da finantza-erakundeen artean, eta urtebeterako Euriborrari gehitu beharreko aldea % 0,65tik bueltan lortu liteke, betiere lotura baldintza guztiak eta ordaintzeko gaitasunaren betebeharrak betez. Tasa finkoko maileguen garestitze argia ikusten du Almarzak, baina oraindik ez du uste bankuek erabat finkatuta dutenik estrategia berria. "Orain ziurgabetasun asko dago munduan eta, nire ustez, bankuek oraindik ez dute argi estrategia. Datozen hilabeteek esango digute nora goazen".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK