• EKONOMIA
  • Hiru mende Iparraldeko ekonomia sustatzen

Hiru mende Iparraldeko ekonomia sustatzen

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak, Ipar Euskal Herriko erakunde publiko garrantzitsuenetako bat denak, 300 urte bete ditu

Baionako portua 1925ean | Argazkia: utzitakoa
Baionako portua 1925ean | Argazkia: utzitakoa
VpZtp uM 400x400
Kazetaria
2026ko ekainaren 22a - 05:30

Aurten Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak 300 urte betetzen dituela eta, arduradunek zenbait ekitaldi, erakusketa bat prestatu dituzte, baita liburu bat ere. Diotenez, gogotsu segitzen dute lanean, baina kezka batekin halere: Ipar Euskal Herriko enpresen heren baten negozio zifra apaldu da azken hilabeteetan.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Baionako Merkataritza Ganbera 1726an sortu zen eta hiru mende geroago zutik dago, Lapurdiko hiriburuko portutik bi urratsetara. Ipar Euskal Herriko erakunde publiko garrantzitsuenetakoa izaten segitzen du, izan ere, urtero 20.000 enpresa laguntzen ditu. Sortzen diren enpresen artean hamarretik bederatzik bizirik jarraitzen dute hiru urte geroago, kopurua %50ekoa besterik ez delarik Frantzia mailan. “Inbertsioak egiten dituzten gizon eta emakumeen talde abentura da”, dio André Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren presidenteak. “300 urtez jende askok egoera ekonomikoa hobetu nahi izan dute, berrikuntzari eta ekimenei beldurrik izan gabe. Gaur egun ere gure ganbera ekintzaile guztien etxea da”, zehaztu du Garretak. Bere hitzetan, iragana goraipatzea baino, urtemugaren bidez hitz eman nahi dute lanean segituko dutela ekonomia sustatzeko eta lanpostuak sortzeko, elkarlanean, askatasunean eta ausardiarekin. 

Frantziako Estatuko lehen Merkataritza Ganbera Marsellan sortu zuten, eta Baionako gisa horretako hamargarren erakundea da. 1789an Frantziako iraultzak desegin egin zituen egitura horiek, baina 1802an Napoléon Bonapartek erabaki zuen berpiztu egin behar zirela. 

 

Garreta: "Lehen aldiz enpresa gehiago ixten dira sortzen direnak baino”

Hiru mendez historia oparoa izan du Baionako ganberak: Aturri ibaia itsasoratzen den gunearen birmoldatze osoa 1728an, adibidez. Azken mende erdian Kedge eta ESTIA izeneko merkataritza eta ingeniarien eskolak ere sortu ditu. Abentura 15 bat ikaslerekin hasi zen, eta gaur egun mila gazte inguru formatzen dituzte urtero, formakuntza zentroek enpresetatik hurbil egon behar dutelakoan. “Aspaldi da argi dugula ekosistema osoa sortu behar dela”, dio Garretak. Ingeniariak falta zirenez Iparraldeko enpresetan, Bidarten ESTIA izena duen eskola sortzea otu zitzaion ganberari. Baionako portuaren sartzean dagoen harea kentzeko ontzi berezia eraikiarazi du ganberak 14 milioi euroko inbertsioa eginez. 5.400 lan eskaintza biltzen dituen langileei zuzendutako webgunea ere sortu dute duela gutxi.

“Erne egon behar dugu, nazioartean ez baita giro eta horrek eragina baitu gurean. COVID-19aren krisiaren ondotik, enpresariek etengabe egokitu behar dute eta zailtasunak begi bistakoak dira. Lehen aldiz enpresa gehiago ixten dira sortzen direnak baino”, deitoratu du Baionako Merkataritza Ganberaren arduradun nagusiak.

Azken mende erdian Kedge eta ESTIA izeneko merkataritza eta ingeniarien eskolak ere sortu ditu. Abentura 15 bat ikaslerekin hasi zen, eta gaur egun mila gazte inguru formatzen dituzte urtero

Europa, Akitania-Berria eskualdea eta Ipar Euskal Herriko Euskal Hirigune Elkargoarekin elkarlanean ari da maiz ganbera. Alain Rousset Akitania-Berriko presidente sozialistak azpimarratu du erakunde gutxik lortzen dutela 300 urte betetzea. "Milaka enpresari lagundu ditugu enpresak sortu edo berpizteko. 2019an, Frantzia osoan sortu ziren lanpostu industrialen %36 Akitanian izan ziren. Mundua aldakorra denez, erne egon behar dugu beti”, adierazi du Rousset presidenteak.

Ipar Euskal Herrian, hamar enpresen artean bederatzi egitura oso txikiak dira, eta apaltzen ari da haien arduradunek etorkizunean duten konfiantza: %67koa da gaur egun, iaztik hiru puntu galdu ditu, eta hamaika 2024tik. Ipar Euskal Herrian enpresen %46 zerbitzu alorrean kokatzen dira, %12 merkataritzan, %10 eraikuntzan, %10 industrian, %9 turismoan eta, azkenik, %7 laborantzan. 

300. urtemuga dela eta, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak ekitaldi berezia ospatuko du irailaren 19an. Eta barne hauteskundeak urte bat geroago eginen direla askoren gogoan dago jadanik.