Hilabete baino gutxiago falta da EnpresaBIDEAren III. Topaketarako. Abenduaren 15ean egingo da, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan, eta 2026ko edizioak hizkuntzek arlo sozioekonomikoan duten balioari helduko dio. Helburua ez da izango hutsetik eztabaida berri bat irekitzea, baizik eta urteotan hizkuntzak arlo sozioekonomikoan duen balioa agerian uzteko lanean ari diren eragileen ekarpena aitortzea, elkarrengandik ikastea eta etorkizuneko lankidetzarako espazio bat sortzea. Izan ere, oztopo, kostu edo muga gisa aurkezten duten diskurtsoek gero eta presentzia handiagoa badute ere, gero eta indar handiagoz ari dira azaleratzen hizkuntzen —kasu honetan euskara zein katalanaren— dimentsio ekonomikoa, berritzailea eta lehiakorra.
Topaketan, gainera, EAEko eta Kataluniako ikuspegiak elkarbanatuko dira, EnpresaBIDEAk eta VIA Empresak datozen urteetan garatu nahi duten ikuspegiaren lehen adierazpen gisa. Ekitaldian euskara eta katalana uztartuko dira, eta itzulpengintza zerbitzua eskainiko da bi norabideetan.
Hizkuntzak aktibo ekonomiko gisa duten rolaren kokapena Jon Sarasuak egingo du hasieran eskainiko duen ponentzian. Haren hitzaldiak ondoren etorriko denari markoa jarriko dio. Lehenik, pertsonen kudeaketan hizkuntzek duten balioan jarriko dute fokua Amaia Arregi Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendariak, Aitziber Salaberria Elhuyarreko aholkularitza zerbitzuetako Euskararen Alorreko arduradunak eta Iñaki Egizabal Laboral Kutxako Gestio Sozialeko zuzendariak. Ondoren, erakundeen egituratzean hizkuntzen kudeaketak zer-nola eragiten duen aztertuko dute Jasone Aretxabaleta Indeusen arduradunak, Olatz Olaso Emuneko aholkulariak, Iraitz Pérez de Goldarazena Oreka ITko zuzendari nagusiak eta María Cereceda Bon Preu Taldeko Hizkuntza Politikako arduradunak. Azkenik, EAE eta Kataluniako Hizkuntza Politiketako esperientzien solasaldia egingo dute Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politiken sailburuordeak eta Anton Ferret Generalitateko Hizkuntza Politika saileko zuzendariorde nagusiak.
Ekitaldira joan nahi duenak, izena eman beharko du ezinbestean, esteka honen bitartez. Jarraian egitaraua, oso-osorik.
09:00 | Ongietorria
09:10 | Hizkuntza aktibo ekonomiko
- Jon Sarasua Maritxalar. Hizkuntza-soziologian aditua eta ikerlaria
9:40 | Pertsonen kudeaketan hizkuntzak balio
- Amaia Arregi. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendaria
- Aitziber Salaberria. Elhuyarreko aholkularitza zerbitzuetako Euskararen Alorreko Arduraduna
- Iñaki Egizabal. Laboral Kutxako Gestio Sozialeko zuzendaria
10:15 | Kafea eta networking-a
10:45 | Erakundeen egituratzea hizkuntzen kudeaketa oinarri
- Jasone Aretxabaleta. INDEUSen arduraduna
- Olatz Olaso. Emuneko aholkularia
- Iraitz Pérez de Goldarazena. Oreka ITko zuzendari nagusia
-
María Cereceda. Bon Preu Taldeko Hizkuntza Politikako arduraduna
11:30 | EAE eta Kataluniako esperientziak Hizkuntza Politikatik
- Aitor Aldasoro. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politiken sailburuordea
- Anton Ferret. Generalitateko Hizkuntza Politika saileko zuzendariorde nagusia, eta Ezagutzaren Eskuragarritasunerako eta Katalanaren Erabilera Sustatzeko Plangintzaren zuzendariorde nagusia
12:05 | Itxiera
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta