
2023ko uda aldarrikapenez beteriko garaia da Hollywooden, non zinema eta telebista industriako langileek lan baldintzetan aldaketak eta hobekuntzak eskatzen dituzten. Gidoilariak maiatzaren hasieran hasi ziren protestan eta udaren hastapenetan aktoreek bat egin dute. Hilabete igarota lanuzteak jarraitzen dute, eta 1960ean, aktoreek eta gidoilariek langabezian bat egin zutenetik ez da antzeko egoerarik gogoratzen sektorean. Jarraian, aurrekaririk ez duen fenomeno hau ulertzeko gertakarien kronologia bat, baita Euskal Herrian nola eragin dezakeen jakiteko ere.
1. Nork bultzatu du Hollywoodeko greba? Eta zergatik?
2023ko uztailaren 14tik Hollywood greban dago. SAG-AFTRA aktoreen sindikatu boteretsuak, entretenimenduaren industriako 160.000 afiliatu baino gehiago biltzen dituenak, bat egin du maiatzaren hasieratik greban zeuden WGA gidoilarien sindikatuarekin (11.500 kide baino gehiago), eta 60 urte pasatxo eta gero lehenengo lanuzte bateratua burutu dute.
Honek guztiak 90 urte bete dituen SAG-AFTRA erakundearen lan aldarrikapenekin du zerikusia. Indarrean zegoen hitzarmen kolektiboa iraungi eta pandemiaren urte gogorren harira filmaketa asko gelditu ondoren, negoziatzaileek aktoreentzako % 11ko soldata igoera eta streaming enpresa batek telesail edo film baten eskubideak merkatu nahiz plataforma berri bati saltzen dizkion bakoitzean artistek jasotzen duten ehunekoa handitzea jarri dute mahai gainean.
Negoziatzaileek aktoreentzako % 11ko soldata igoera eta streaming enpresa batek telesail edo film baten eskubideak merkatu nahiz plataforma berri bati saltzen dizkion bakoitzean artistek jasotzen duten ehunekoa handitzea jarri dute mahai gainean
Adimen artifizialak ekoizpenetan duen gorakadaren aurrean zinema eta industriako langileek dituzte bermeekin lotuta dago gatazkaren beste alderdi interesgarri bat. Kontuan izan behar da, halaber, azken 18 hilabeteetan aisialdiko enpresa nahiz plataforma handiek milaka pertsona kaleratu dituztela doikuntza ekonomikoak direla eta.
Bestalde, negoziazioaren beste aldean Zinema eta Telebista Ekoizleen Aliantza dago (AMPTP, ingelesez), 350 ekoizpen-enpresa ordezkatzen dituena, horien artean Paramont Pictures, Disney estudioak edo Warner Bros. Soldaten igoera historikoak eta pentsioei eta aktoreen osasun-prestazioei laguntza handiak eskaini dizkietelam adierazi dute. Era berean, audizioetako hainbat babesez eta adimen artifizialaren inguruko proposamen "iraultzaileaz" ere hitz egiten dute. Hala ere, behin baino gehiagotan azpimarratu dutenez, "ez da erraza izan" eurentzat koronabirusaren pandemia, publikoa zinemara bertaratzea berandutu delako eta ikusle askok filmak kostu txikiko plataforma alternatiboetan masiboki ikusteko aukeraren alde egin dutelako.
2. Grebaren ondorioak: erabateko geldialdia
Gidoilarien sindikatuaren kalkuluen arabera, industriako grebaren kostua 30 milioi dolarrekoa da egunero (ia 27 milioi euro). Langileen ordezkariek, protestak irauten duen bitartean, "arau zorrotzak" betetzea eskatu diete afiliatuei, eta, horregatik, "debekatuta dago kamera baten aurrean edozein jarduera egitea, hala nola antzeztea, abestea, dantzatzea, eszenak filmatzea eta txotxongiloak manipulatzea". Ezin dute pelikularik bikoiztu, ezta iragarkirik egin ere. Ezin izango da argazki saioetan parte hartu, ezta jantzi probarik, entsegurik edo kamera probarik egin ere. Promozio lanik ere ez, ez eta elkarrizketarik edo tourrik ere. Hortaz, inork ez dezala espero epe motzean Margot Robbie edo Ryan Gosling Barbie filma promozionatzen.

Gidoilarien protestarekin, nagusiki gaueko talk showak geldiarazi ziren, eta bitartean, ehunka zinema ekoizpen eta telesailek martxan jarraitzen zuten, horietako askok gidoiak amaituta zituztelako. Badirudi denboraldi berriaren hasierarekin nabarituko dela benetan geldialdia, eta Venezia, Toronto eta Donostiako zinemaldietan ere eragina izango duela.
Hollywoodeko grebak 30 milioi dolarreko kostua du industrian egunero (ia 27 milioi euro)
Hala, aktore eta gidoilariak Netflix, Amazon, Paramount, Warner Bros, Discovery, Disney, Apple edo NBC Universalen atarian protestak egiten ikustea ohikoa da egun hauetan. Une honetan telesail ezagunak eten egin dira, hala nola Stranger Things, azken denboraldia grabatu behar zuten, edo Cobra Kai eta Game of Thronesen prekuela.
3. Lortuko al dute akordioa?
Bloombergeko ikerlariek denboraldi hasieran gidoilarien grebarekin gatazka abuztu amaieran edo irailean amai zitekeela uste zutela adierazi zuten. Orain, aktoreek bat egin dutenez, ezin dute aurreikusi "noiz amaituko den, eurek baitute jarraitu beharreko bide-orria". Aditu batzuen arabera, lau hilabete baino gehiago iraun dezake.
Ikus-entzunezko industria estatubatuarrak 2,4 milioi lanpostu sortu ditu herrialdean
Nabarmentzekoa zera da; ikus-entzunezko industria estatubatuarrak 2,4 milioi lanpostu sortzen dituela herrialdean, eta 186.000 milioi dolar (170.000 milioi euro baino gehiago) soldatetan, 122.000 enpresa ingururen bitartez, Motion Picture Associationek urtarrilean argitara eman zituen datuen arabera.
Azkenik, zinemako eta telebistako 2.000 aurpegi ezagunek baino gehiagok sinatutako gutun batean, aktoreek adierazi dute ez dela "erdi-mailako jarrerak hartzeko unea". "Historiaren begiak gure gainean daudela esatea ez da gehiegikeria", diote gutunean, eta "beharrezko aldaketak eta merezitako babesa" eskatzen dituzte.
4. Greba babesten duten artista ezagunak
Bi Oscar Sari irabazi dituen Cate Blanchetek, babestu ditu lanuezteak, baita Sean Pennek ere, Disneyren estudioetako piketeetan egon baita beste aktore batzuekin batera, hala nola, Emile Hirsch, Octavia Spencer, Melanie Lynskey, Timothy Simon edo Jane Fonda.
Ez dira bakarrak: Meryl Streep, Pedro Pascal, Jennifer Lawrence, Brendan Fraser, Glenn Close, Ben Stiller edo Eva Longoria dira Hollywoodeko grebei babesa eman dieten beste izar handietako batzuk. Leonardo DiCaprio eta George Clooneyren izenak ere Hollywoodeko aktoreen zerrendan agertzen dira, milioi bat euroko ekarpen ekonomikoa egin baitiote sindikatuari atxikitutako SAG-AFTRA fundazioari, greban dauden langileei laguntzeko.
Ikus-entzunezko ekoizpenetan aktoreei 27,73 dolar ordaintzen zaie batez beste ordua
Fran Drescher SAG-AFTRAko presidenteak aktore guztiak aberatsak direnaren ideia arbuiatu du, eta gehienak "bizitza aurrera ateratzen, alokairua ordaintzen, janaria mahaira eramaten eta seme-alabak eskolara bidaltzen saiatzen diren langileak" direla adierazi du. "Ikusten duzun guztia, gozatzen duzuna, entretenitzen zaituena, diru asko irabazten ez duen jendez betetako eszenak dira", gehitu du. Zifra bat: 27,73 dolar orduko (25,33 euro orduko). Hori da Estatu Batuetako Lan Estatistiken Bulegoak (BLS, ingelesez) 2022an Kaliforniako aktoreen batez besteko soldata. Gainera, BLSk azpimarratu du, lanaren izaera dela eta, aktoreek ez dutela lanaldi osoko soldatarik urte osoan.

Edo, Kellee Stewart aktore ezagunak dioen bezala, "ordaindutako diru guztiarekin ez zara geratzen". "Zergak eta komisioak ordaindu behar dira. Nire kasuan, ordezkari bat, kudeatzaile bat eta zure akordioak negoziatzen dituen abokatu bat. Hasteko, kobratuko duzunaren aurrekontu bat ematen dizutenean, badakizu benetan % 35 gutxiago izango dela, gutxi gorabehera", gehitu du.
5. Nola eragingo du Euskal Herrian?
Estatu Batuetako ikus-entzunezko ekoizpenak maite dituzten euskaldunentzat, lehen ondorioak nabarituko dituzte jada, hainbat ekoizpen atzeratu baitira, baita beste batzuk bertan behera gelditu ere. Serie zaleei dagokienez, hurrengo hilabeteetan hasiko dira ondorioak sumatzen, udaberrian eta udan hasiko baitira hurrengo denboraldirako serietako gidoiak lantzen. Zinemen kasuan, Barbie eta Oppenheimer filmek sortutako euforiaren ostean, datorren urtetik aurrera estrenaldi askoz gutxiago espero dira.
Estatu mailan, Profilm nazioarteko ikus-entzunezkoen espainiako ekoizleen elkarteak bederatzi proiektu atzeratuko direla aurreikusi du, eta Estatu Batuetako Gidoilarien Sindikatuaren (SAG-Aftra) eta Zinema eta Telebista Ekoizleen Aliantzaren (AMPTP) arteko negoziazioaren baitan 220 milioi euroko inbertsioa dagoela gutxienez adierazi du ohar baten bidez. 2024an garatuko liratekeen hiru proiektu handi ere airean geratu dira. Datu horiei bazkideek orain atzeratutako aurreprodukzioetan inbertitutako bost milioi euro gehitu beharko litzaizkieke, egoera amaitzen denean berreskuratzeko zain daude eta. Era berean, Profilmetik, nazioarteko beste hainbat proiektu inolako arazorik gabe grabatzen jarraitzen dutela nabarmendu dute.