Hondamendi bat gertatzean gauza asko izan behar dira kontuan erantzun ahalik eta aproposena emateko: hildakoak, desagertuak, kalte materialak, kalte ekonomikoak... XXI. mendeko lehen hamarkadan, UNDP Nazio Batuen garapenerako agentziak, Europako Batzordearekin eta Munduko Bankuarekin koordinatuta, PDNA izeneko tresna garatu zuen, hondamendi osteko kalteen eta beharren ebaluazioa egiteko eta berreskuratze testuingurua ezartzeko. Izan ere, erakunde horiek defendatzen zuten gutxieneko estandar batzuk ezartzeak stakeholderren erantzuna ere bizkortu zezakeela, baita koordinazioa ere, eta berreskuratzeko finantzazio aukerak hobetu.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Gaur egun oraindik ere erabiltzen den tresna da. Haren inplantazioa eta lidergoa herrialde bakoitzeko gobernuek daramate, mundu mailako erakundeekin koordinatuta. Lau elementu gako biltzen ditu: kalteen ebaluazioa, alegia, suntsituta edo hautsita dauden egitura eta ondasun fisikoen identifikazioa; galeren estimazioa, hain zuzen ere, ekonomian, produkzioan eta gainkostuetan izandako aldaketak kalkulatzea beharrezkoak izango diren zerbitzuak identifikatzeko; giza eragina, zeinak erreparatzen dioen lanaren, errentaren, osasunaren eta babesleku seguruen galerari; eta berreskuratze beharrak, barnebiltzen duena zenbat diru beharko den, baita zein pauso eman ere, berreraikitzeko. Eta hori guztia, ez soilik modu orokorrean, baizik eta sektoreka ere.
Sistema hori da Venezuelako lurrikaren kasuan aplkatzen ari direna. Astelehenean bi hilabete beteko dira herrialdeak dar-dar egin zuenetik, eta duela hiru egun argitaratutako balantze ofizialaren arabera 6.438 hildako zenbatu dira. 41.332 pertsona oraindik ere desagertuta daude, eta 33.393 dira, berriz, hospitaleetan edo aterpeetan artatuak eta dagoeneko topatuak. Dena den, goizegi da PDNAren emaitza xehe ezagutzeko, baina uztaila amaieran perspektiba apur bat eman diezagukeen datu bat argitaratu zuen Munduko Bankuak: zuzeneko kalte fisikoen estimazioa 19.600 milioi dolarretan —16.900 milioi euro inguru— kokatu zuen. Gainera, ohartarazi zuen berreraikitzea motela bada, herrialdearen berreskuratze ekonomikoa eten edo geldotu egin daitekeela.
Indonesia, PDNAn aitzindari
Orain hamar egun Kolonbian gertaturiko lurrikararen eta larunbatean Indonesian jazotakoaren testuinguruan ere erabiltzen ari da PDNA delakoa. Azken herrialde honetan, Indonesian hain zuzen ere, egin zen eskala handiko hondamendi baten kalte eta beharren lehenengotariko ebaluazioa nazioarteko erakundeekin koordinatuta, 2004ko Sumatrako tsunamiak Aceh probintzia eta Nias and Simeulue irlak kolpatu zituenean, eta 170.000 eta 220.000 hildako, eta 700.000 desagertutik gora utzi. Orduan ez zen oraindik PDNA delakoa existitzen, baina horren aitzindaritzat jotzen da. Zoritxarrez, ez da herrialdeak duen esperientzia bakarra, 2006ko eta 2018ko lurrikara handien ostean ere nazioarteko berreskuratze plataformak erabili behar izan baitzituen. Beharragatik-edo, BNPB Indonesiako Hondamendiak Kudeatzeko Agentziak erabat txertatuta du mundu mailako PDNA metodologia. Are gehiago, hori abiapuntu duen tresna propioa ere garatu zuen 2011n, Jitupasna izenekoa.
Egungo baliabideak mobilizatzeko eta sektorekako kalteak neurtzeko estandar nagusiak, baina, 2010ean Haitin gertatutako lurrikara katastrofikoaren testuinguruan ezarri ziren, 220.000 hildako eta 300.000 zauritu eragin zituenak. Gerora ere, erakundeok metodologia bera aplikatu behar izan zuten herrialdean 2016an, Matthew urakanaren ondoriozko galerak eta beharrak kalkulatzeko. Eta gauza bera 2021ko sismoarekin ere.
Urtebete beranduago, 2022ko udan, Pakistanen kasu honetan, ohi baino montzoi-eurite nabarmenagoak izan ziren. Egoerak eta glaziarren urtzeak sekulako uholdeak eragin zituen: herrialdearen herena —ekialdea nagusiki— ur azpian geratu zen. Horren ondorioz 1.700 pertsonatik gora zendu ziren eta 33 milioi lagun baino gehiagok pairatu zituzten kalteak. Gauzak hala, Pakistanek 4RF —Resilient Recovery, Rehabilitation, and Reconstruction Framework— izeneko egitasmoa sortu zuen. Egun, klima-aldaketari lotutako hondamendien ostean herrialde bat berreraikitzeko adibide tekniko nagusietakotzat jotzen da. Are gehiago, gaur egun PDNA delakoa, PDNA/RF bezala ezagutzen da.
Kalteak zifretan
Eta zer dio metodologiak arestian aipatutako hondamendiez? Zein kalte eragin zuen herrialdean? Sumatrako 2004ko tsunamiak 4.500 milioi dolarreko —3.857 milioi euro inguruko— kalteak suposatu zizkion herrialdeari. 139.000 etxebizitza suntsitu zituen gutxi gora behera, eta komunitate osoak etxegabe utzi. Nekazaritzarako erabiltzen ziren 73.869 hektareako lur eremuak erabat kolpatu zituen, baita arrantzarako erabilitako 13.828 txalupa inguru.
Haitiko 2010eko lurrikarak, berriz, 7.800 milioi dolarreko kalte eta galera ekonomikoak ekarri zizkion herrialdeari, 2009an herrialdeak sortutako guztizko BPGaren %120. Zifra aletuta, 4.300 milioi dolarreko galera ekarri zuten zuzeneko kalte fisikoek, tartean 105.000 etxebizitza zeharo suntsituta geratu baitziren eta beste 208.000 kaltetuta. 1,3 milioi pertsonek aldi baterako babeslekuetan bizi behar izan zuten, eta 500.000 pertsonak bizilekuz aldatu. Egoerak ekarritako galera ekonomikoak, bestalde, beste 3.500 milioikoak izan ziren, enpleguak eta ekoizkortasunak behera egin baitzuten nabarmen.
Pakistani erreparatuta, uholdeek 14.900 milioi dolarreko kalteak eta 15.200 milioi dolarreko galera ekonomikoak ekarri zituzten
Azkenik, Pakistani erreparatuta, uholdeek 14.900 milioi dolarreko kalteak eta 15.200 milioi dolarreko galera ekonomikoak ekarri zituzten. Etxebizitzek pairatu zuten okerrena: 2 milioi etxebizitza inguru kolpatu zituzten uholdeek, 5.600 milioi dolarreko kaltea utzita. Nekazaritza sektoreko %82 inguru erabat suntsituta geratu zen, 1,78 milioi hektarea, kotoia edota azukrea ekoizteko erabiliak. Kalkuluen arabera, berreraikuntza egokia egin ahal izateko 16.300 milioi euro beharko zituen herrialdeak
Beharrezko finantzazioa vs benetan jasotakoa
Estandarizazio tresna bezala azken hamarkadako hondamendi natural nagusietan baliatu izanak pista bat ematen du horren erabilgarritasunaz. Izatez, PDNA ez baita azterketa paper soil bat, herrialdeek nazioarteko finantzaketa lortu eta berreraikuntza politiko sozialerako gida baizik. Aitzitik, sarri gertatzen den bezala, estimatutako behar ekonomikoak eta benetan emandako erantzun finantzarioak oso urrun daude bata bestetik.
Kasu ezagunenetako bat arestian aipatutako Haitirena da. 2010ean pairatu zuen lurrikararen ondorioz, herrialdeak eta bestelako dohaintza emaileak 13.500 milioi dolar ematera konprometitu ziren, NBEren Haitirako Ordezkari Bereziaren Bulegoaren erregistro ofizialen arabera. 2012rako, diru horren erdia baino gutxiago zegoen bertan. Herrialde berean 2016ko Matthew urakanarekin gertaturikoa da beste kasu bat. Financial Trackin Service NBEk mundu mailako laguntza humanitarioa denbora errealean aztertzeko duen tresna erabilita, ikus daiteke urakanak utzitako kalteei aurre egiteko behar ziren 139 milioi dolarretatik 86,4 milioi jaso zituztela, alegia, %62,3. Hori gutxi balitz, oraindik ere 2010ean izandako lurrikaratik errekuperatzen ari zen herrialdea, eta beste 139 milioi euroko laguntza estimazioa zuen; hortik, ordea, soilik %35 jaso zuen, alegia, 68,5 milioi dolar.
Estimatutako behar ekonomikoak eta benetan emandako erantzun finantzarioak oso urrun daude bata bestetik
Pakistanen kasua ere argigarria da. 2023ko urtarrilean Genevan eginiko emaileen konferentzian 10.980 milioi dolar emateko konpromisoa hartu zuten, baina hortik soilik 4.690 milioi dolar jaso ditu —asko mailegu forman, eta ez dohaintzan—, alegia, agindutakoaren erdia baino gutxiago. Hortik etxebizitzen edota azpiegiturak berreraikitzera bideratutakoa 2.750 milioi dolar izan dira.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta