Mende erdi baino gehiagoz, Hong Kongek bi munduren arteko zubi moduan eraiki zuen bere oparotasuna. Mendebaldeko enpresentzat, hiria Txinako merkaturako sarbide naturala zen: segurtasun juridikoa zuen ingurune bat, nazioarteko finantza-sistema bat, zerga-sistema lehiakorra eta kanpoaldearekin negozioak egitera ohitutako administrazio bat. Multinazional askok bertan ezarri zituzten eskualdeko egoitzak, eta handik koordinatzen zuten pixkanaka atzerriko inbertsioari irekitzen ari zitzaion Txinaranzko hedapena.
Eredu horrek, ordea, esklusibotasuna galdu du. Txina kontinentalaren irekiera ekonomikoak, Shenzhen, Guangzhou edo Shanghai bezalako metropoli handien garapenak, eta azpiegitura logistiko eta finantzario propioen sendotzeak murriztu egin dute enpresa askok Hong Kongekiko zuten mendekotasuna. Gaur egun, nazioarteko konpainia batek zuzenean jardun dezake Txinako hainbat hiritatik, britainiar kolonia izan zenetik nahitaez igaro beharrik gabe; duela hogei urte pentsaezina zen errealitatea da.
Txinako kontinentearen irekiera ekonomikoak eta Shenzhen, Guangzhou edo Shanghai bezalako metropoli handien garapenak murriztu egin dute Hong Kongen menpe zeuden enpresa askoren mendekotasuna
Eraldaketa horrek ez du esan nahi, hala ere, Hong Kongek garrantzia galdu duenik. Hiriak toki garrantzitsua du oraindik ere nazioarteko finantzetan, kapital-erakarpenean, eta zerbitzu juridiko eta profesionaletan. Erronka beste bat da: testuinguru berri horretan, bere ohiko funtzioa jada nahikoa ez denean, eskain dezakeen balio bereizgarria birdefinitzea. Txinara sartzeko atea izateko lehian aritu beharrean, kontinenteko Txina eta Asiako gainerako merkatuen arteko lotura-plataforma gisa sendotzen saiatzen ari da.
Bilakaera horrek Asiatik kanpo oso zabaldua dagoen ideia bat berrikustera behartzen gaitu: Hong Kongek utzi egin diola Txina kontinentaletik desberdin izateari. Ikuspegi politiko batetik, Pekinekiko integrazioa askoz agerikoagoa da egun duela hamarkada bat baino. Hala ere, ekonomia eta erakunde arloan, hiriak ezaugarri propioak mantentzen ditu, bere balio estrategikoaren zati handi bat azaltzen dutenak.
Hong Kongek bere dirua mantentzen du, zerga-erregimen independentea, aduana-sistema bereizia, pasaporte propioa eta common lawean oinarritutako ordenamendu juridikoa. Era berean, nazioarteko erakunde ekonomiko askotan bereizita parte hartzen du eta finantza-merkatu globaletan paper berezia du. "Herrialde bat, bi sistema" printzipioak babestutako berezitasun horiek hiriaren aktibo nagusietako bat izaten jarraitzen dute nazioarteko inbertitzaileentzat. Hain zuzen ere, integrazio politikoaren eta desberdintze ekonomikoaren konbinazio hori da Hong Kongek Pekinentzat duen interes estrategikoa mantentzen duena.
Integrazio politikoaren eta desberdintze ekonomikoaren konbinazio hori da Hong Kongek Pekinentzat duen interes estrategikoa mantentzen duena
Euskal Herritik, Europako beste gizarte batzuetatik bezala, Hong Kongi erreparatzen zaio azken urteetan ezarritako murrizketen begiradatik batez ere. Eraldaketa horiek ukaezinak dira eta sakonki aldatu dute panorama politiko eta soziala. Aldi berean, ordea, hiriak autonomia ekonomiko eta instituzional jakin bat izaten jarraitzen du, Europako eskualde autonomo askotan parekorik ez duena alderdi askotan. Errealitate hori aitortzeak ez du esan nahi askatasun publikoen murrizketari buruzko kritikak gutxiestea, baizik eta Pekinek oraindik ere erabilgarritzat jotzen duen ereduaren izaera hobeto ulertzea.
Oreka horrek gobernu zentralaren egungo estrategiaren zati handi bat azaltzen du. Helburua ez dirudi Hong Kong oraindik bereizten duten desberdintasunak ezabatzea denik, baizik eta bermatzea desberdintasun horiek bere finantza eta enpresa plataforma zeregina indartzen jarraituko dutela Txinaren garapenaren eta Asiako merkatuetan duen proiekzioaren mesedetan. Hiria jada ez da ia derrigorrezko atea Txinan sartzeko, baina Txinako enpresak mundura ateratzeko eta nazioarteko kapitalak eskualdean jarduteko ingurune ezagun bat aurkitzeko funtsezko pieza izaten jarraitu nahi du.
Funtzio berri hori dagoeneko ikus daiteke Hong Kongeko gobernuaren lehentasunetan. Badia Handiaren (Greater Bay Area) sustapena, family officen erakarpena, finantza berdeen garapena, renminbiaren (yuan) nazioartekotzearen bultzada edo enpresa teknologikoen erakarpena, Hong Kong balio erantsi handiko zerbitzu-zentro gisa sendotzera bideratutako estrategiaren parte dira, gero eta integratuago dagoen Asiako ekonomia baten barruan.
Eskema honetan, Hong Kongek Shenzhenekin partekatzen du polo teknologiko eta finantzario izaera, eta Macaorekin nazioarteko turismo, aisialdi eta kongresu zentroaren erreferentzialtasuna, Greater Bay Areako lurralde bakoitzaren funtzioak espezializatzeko apustu batean. Lehia, ordea, inoiz baino biziagoa da. Singapurrek, Dubaik eta beste eskualde-hub handi batzuek ere espazio hori betetzeko asmoa dute.
Aldaketa honek hainbat ideia berrikustera behartzen ditu Europako enpresak. Hong Kongek abantaila lehiakorrak eskaintzen jarraitzen du finantzaketan, nazioarteko arbitrajean, ondare-kudeaketan edo zerbitzu profesionalen arloetan. Hala ere, bere zeregina jada ez da hainbeste Txinako merkaturako sarbidea erraztea, baizik eta munduko hazkunde ekonomikoaren motor nagusietako batzuk biltzen dituen eskualde batean jarduteko plataforma izatea.
Agian hori izan da hiriak azken hamarkadan izan duen eraldaketarik garrantzitsuena. Hong Kongek ez dio utzi eragile globala izateari, baina nazioarteko ekonomian betetzen duen funtzioa aldatu egin da. Urte askoan, Mendebaldea eta Txina lotu zituen. Gaur egun, nazioarteko bokazio hori alde batera utzi gabe, munduko ekonomian gero eta pisu handiagoa duen Asia batean enpresek eta kapitalak jardun ahal izateko plataforma bihurtzen saiatzen ari da.
Artikulu hau VIA Empresa hedabiderako idatzi da, eta bertatik itzuli eta egokitu da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta