EAEko hotel establezimenduek gero eta bisita gehiago jasotzen dituzte. Eustatek emandako apirileko datuen arabera, orotara 354.826 sarrera eta 688.974 ostatu gau erregistratu ziren hotel establezimenduetan, 2025eko apirilean baino %5,2 eta %5,0 gehiago, hurrenez hurren. Sarreren zein ostatu gauen erdia baino zertxobait gehiago atzerritik iritsitako bisitarienak izan ziren.
Lurraldeka aztertuta, Bizkaian izan da urtez urteko gorakadarik handiena, aurreko urteko epe berean baino %7,4 sarrera eta %8,0 ostatu gau gehiago erregistratu baitira; Gipuzkoan eta Araban ere gora egin dute zenbatekoek. Hiriburuak aztertuz gero, ordea, bada desberdintasun bat: Gasteizen kasuan, sarreren eta ostatu gauen bolumena murriztu egin da, %3,3 eta %3,0, hurrenez hurren. Haatik, Donostian eta Bilbon gorakada izan da.
Batez besteko egonaldiari dagokionez, iazko kopuru bera mantendu da: 1,94 eguneko egonaldiak. EAE osoan okupazio maila %59,7koa izan da, plazen arabera neurtuz gero, eta %71,0koa logelen arabera neurtuz gero (hurrenkera bera jarraituta, 2025ean baino %0,8 eta %2,6 gehiago)