EHUren Uda Ikastatoen 45. edizioan 169 jarduera egin dira guztira. 117 Uda Ikastaro —horietatik 8 Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak—, 33 workshop, 18 jarduera ireki —horien baitan Donostia Sustainability Forumeko 13 saio— eta iraupen luzeko online Uda Ikastaro bat. Jarduerek 14.981 parte-hartzaile izan dituzte: 13.016 ikasle eta 1.965 hizlari eta zuzendaritza-kide.
Gaur, Donostiako Miramar Jauregian, Uda Ikastaroen 45. edizioaren balantzea aurkeztu dute Juana Goizueta EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak eta Idoia Otaegui EHUko Uda Ikastaroak Fundazioko (UIK) zuzendari akademikoak.
Zientzia eta Teknologia izan da parte-hartze handiena bildu duen arloa, 3.462 lagunekin; ondoren etorri dira Gizartea (2.101), Zuzenbidea (1.856), Osasuna (1.527) eta Jasangarritasuna (1.497). Jarduera jendetsuenen artean egon dira, besteak beste, hiri-drainatze jasangarriei, industria eraldatzeko fiskalitateari, giza eskubideei, euskal autogobernuari, zahartzearen erronkei eta segurtasun integralari buruzko ikastaroak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, 2026ko edizioak, Pentsatzen duzulako gara lelopean, ezagutza partekatzea izan du ardatz, eta uda osoan askotariko jakintzak, erakundeak, profesionalak eta herritarrak elkartu ditu.
Ikastaro gehienak Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Baionan egin dira. Aitzitik, Aramaio, Ataun, Baigorri, Beasain, Bermeo, Gernika, Irun, Lesaka, Oñati, Ordizia eta Zaldibin ere egin dira ikastaroak.
Edizioa amaituta, UIKk laster ekingo dio 2027ko Uda Ikastaroen prestaketari. Gaiak eta ikastaro-proposamenak aurkezteko epea azaroaren 1etik 30era egongo da zabalik.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta