Bilbobus, Bizkaiko hiriburuko autobus zerbitzu publikoak 29.548.947 izan ditu 2025ean. 1996tik izandako erabiltzaile kopuru handiena da, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak argitu duenez. Zehazki, hilean 2,6 milioi erabiltzaile izan ditu zerbitzu publikoak, eta zenbait egunetan 100.000 pertsona baino gehiagoko erabili dute autobusa.
Bilboko Udalak egindako inkesta baten arabera, inoizko balorazio onena du autobus zerbitzuak, 8,01ekoa. Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak azaldu duenez, datuok agerian uzten dute bilbotarrek eta gainerako erabiltzaileek garraio publikoaren alde egiten duten apustua. Bere hitzetan, Bilbobus garraiobide “jasangarri, eraginkor, fidagarri eta modernoa” da, eta erabiltzaileen gogobetetze maila altua nabarmendu du.
Bilbobusek 141 autobus ditu, horietatik 94 hibridoak dira eta 26 elektrikoak. “Europako ibilgailu flota jasangarri eta eraginkorrenetako bat dugu”, adierazi du Abetek, eta jakinarazi du autobusen batezbesteko adina 5,14 urtekoa dela, eta ibilgailu guztien %85 berritu dituztela.
Gauzak horrela, 527 geltoki ditu Bilbobusek eta horrek esan nahi du, zinegotziaren hitzetan, Bilboko biztanleria ia osoak geltoki bat duela bere etxetik 300 metro baino gutxiagora.