Urteko lehen hiruhilekoan, 280,3 milioi euro inbertitu zituzten EAEko enpresek atzerrian. Aurreko urtearekin alderatuta, beherakada itzela: %73 gutxiago. Hain zuzen ere, iaz urtarriletik martxora bitartean 1.052 milioi euro bideratu zituzten konpainiek erbestera, Europa Pressek jasotako Espainiako Ekonomia ministerioaren datuek diotenez.
Atzerrian, baina, non? Bada, lehen hiruhilekoan egindako inbertsioen erdia baino gehiago (%52) Australiara bideratu zen, 146,2 milioi euro, alegia; Txina erraldoiak ere zati handia (%24,7) jaso zuen, 69,2 milioi eurorekin. Atzetik geratu ziren Italia (45,1 milioi), Belgika (10 milioi), Japonia (8 milioi) eta Austria (1,7 milioi).
Eta zertarako inbertitu zuten EAEko konpainiek? Gehiengoak energia elektrikoa ekoizteko proiektu berriztagarrietan inbertitu zuen, guztizkoaren %68a; hots, 191,3 milioi euro. Finantza-zerbitzuetan ere 69,2 milioi euro gastatu zituzten, gastu totalaren %24,6.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta