
Confebasken EAEko enpresen kopuruari buruzko azkeneko berripaperean jaso denaren arabera, ekainean behera egin zuen EAEko enpresa kopuruak (%1,3), gizarte segurantzan afiliatutako autonomo kopuruak (%0,4) eta hartzekodunen konkurtsora jo duten enpresa kopuruak (%4,7). Datu horiek kontuan izanik, 2025eko ekainean orotara 57.117 enpresa zenbatu ziren EAEn (iaz baino 742 gutxiago), 166.565 autonomo (710 gutxiago) eta hartzekodunen konkurtsora 82 enpresek jo zuten lehen hiruhilekoan.
2020ko otsailaren aldean (pandemia hasi berri zenean) zein datu zeuden ere eskaintzen ditu Confebaskek, egungo egoerarekin alderatzeko. Gizarte segurantzan afiliatutako enpresa kopuruari dagokionez, 1.776 negozio gutxiago daudela ikus daiteke (%3 gutxiago), eta, hortaz, pandemiaz geroztik “galdu” ziren konpainien %16 berreskuratu da. Autonomo kopurua ere pandemia garaian baino baxuagoa da, 3.679 pertsona gutxiagorekin.
Lurraldeka, 2020ko otsailaren aldean beherakada handiena Arabakoa izan da, garai hartan baina 372 enpresa gutxiago baitaude (-%3,8); Bizkaian 817 konpainia gutxiago daude, baina jaitsiera %2,16koa da, eta Gipuzkoan, ordea, %1,8koa (370 enpresa gutxiagorekin).
Enpresak sektoreka sailkatuta, beherakada izan da industria eta zerbitzuen alorreko enpresa kopuruan, hurrenez hurren, %7,6ko eta %3ko jaitsierarekin. Aldiz, eraikuntzaren sektoreko enpresak iaz baino %1,8 gehiago dira. Hala, aurreko urteko ekainean baino 503 industria konpainia eta 1.370 zerbitzu enpresa gutxiago daude, baina eraikuntzara bideratutako 92 negozio gehiago.