• EKONOMIA
  • Iaz baino trafiko gehiago izaten ari da aurten Bilboko portuan

Iaz baino trafiko gehiago izaten ari da aurten Bilboko portuan

16,6 milioi tona igaro dira portutik urteko lehen seihilekoan, iazko epe berean baino %3 gehiago

Bilboko portuko edukiontziak | Argazkia: Jamenet
Bilboko portuko edukiontziak | Argazkia: Jamenet
2023eko uztailaren 17a
Eg. 2023eko uztailaren 17a

%3 hazi da aurten —urtarriletik ekainera bitartean— Bilboko portuko trafikoa iazko aldi berarekin alderatuz. Hala, 16,6 milioi tona igaro dira portutik, iaz baino 450.000 gehiago.

 

Gasolioa, gas naturala, soja babak, zerealak, bioerregaiak, mineralak, ikatza eta kokea, gasolina eta makinerien garraioa hazi da batik bat. Gainera, hotz-edukiontzien kopurua %29 igo da, fruta eta barazkien trafikoa hazi baita. Bestalde, fuel-olioa, petrolio gordina, produktu kimiko eta siderurgikoek egin dute behera.

Halaber, Bilboko portura ontziratzeko asmoz sartu diren garraio berezien kopurua %22a igo da, eta ontzien geldialdi kopurua %5,4 handitu. Gainera, ontzi hauen edukieraren batez bestekoa iazkoa baino %8,5 handiago da. Hala, guztira 1.361 itsasontzik egin dute geldialdia portuan, Estatu Batuak, Errusia, Brasil, Erresuma Batua eta Mexikokoak izanik gehienak.

 

Hortaz, trafikoaren %40 Europako esportazio eta inportazioetatik dator, %19 Ipar Amerikatik, %12 Asiatik eta %8 Hego Amerika eta Afrikatik.

Bidaiari kopuruak ere gora egin du, eta iazko epe berean baino %13 gehiago izan dira aurten, guztira 95.908. Ferryko bidaiariak %18 egin dute gora eta kruzeroetakoak %9.