
Ostiral honetan, maiatzaren 30ean, akziodunen batzar nagusia egingo du Iberdrolak Bilbon. Hori aprobetxatuz, azken egunotan Euskal Autonomia Erkidegoko agintariekin bildu da Ignacio Galan energia konpainiako presidentea. Bilera horietan, Iberdrolak lurraldearekin duen “konpromisoa” berretsi nahi izan du, azken hiru urteetan 11.000 milioi euroko ekarpena egin duelarik.
Galan Imanol Pradales lehendakariarekin, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu nagusiarekin eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin bildu da egunotan. Energia konpainiak ohar bidez azaldu duenez, EAEn zerga ekarpen handienetakoa egiten duen erakundea da. 2024an %12 handitu du ekarpen hori, 760 milioi euro baino gehiagorekin.
Era berean, 520 euskal hornitzaile baino gehiagorekin lan egiten duela jakinarazi du Iberdrolak, eta eragiketa horiek 2.000 milioi euroko balioa dutela. Besteak beste, Ingeteam, Haizea Wind, Ormazabal, Arteche, Ayesa, Inetum eta Boslam enpresak dira Iberdrolaren hornitzaile garrantzitsuenetako batzuk.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.000 pertsona inguruk egiten dute lan Iberdrolan, eta 60.000 akziodun ditu. Bihar egingo duten batzarra aurretik, Iberdrolak 100.000 milioi euroko kapitalizazioa du burtsan, inoizko baliorik handiena, eta iaz 5.612 milioi euro irabazi zituen, aurreko ekitaldiko emaitzak %17 handitu zuelarik.