Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta BC3 zentroak ondutako ikerketa batek ondorioztatu du diru-sarrera handia eta hezkuntza-maila altua duten pertsonen esku daudela gaur-gaurkoz ibilgailu elektriko gehienak.
Merce Amich EHUko ikertzailea izan da ikerketaren arduraduna, eta aztertu du, batetik, zer faktorek eragiten duten ibilgailu elektrikoen erosketan, eta, bestetik, haiek erosteko dirulaguntza-programa nagusiek zer nolako eraginkortasuna duten.
“Zer gertatzen ari den ulertu behar dugu. Izan ere, erritmo honetan, ez dira helburuak lortuko. Europako beste testuinguru batzuetan, ibilgailu elektrikoak zabaltzeko prozesua funtzionatzen ari da. Ez dago Europako iparraldeko herrialdeetara joan beharrik. Portugal, esate baterako, askoz hobeto egiten ari da”, adierazi du Amichek.
Ikerlariak azterketan ikusi du ibilgailu elektriko gehienak hiri-inguruneetan daudela, diru-sarrera altuak eta goi-mailako ikasketak dituzten etxeetan. “Arrakala sozial esanguratsua dago ibilgailu elektrikoak eskuratzeari dagokionez, eta gaur egungo laguntza-programek areagotu egiten dute desberdinkeria hori. Teknologia horietarako sarbidea demokratizatzen ez bada, ez dira helburu klimatikoak beteko”, gehitu du.
Azterketaren arabera, faktore hauek dute eragin handiena ibilgailu elektrikoak eskuratzeko garaian: sarrera ekonomikoak, hezkuntza-maila eta bizilekua. “Zenbat eta diru-sarrera handiagoak, jabetza gehiago. Batezbestekoa aise gainditzen duten etxeetan dago ibilgailu elektriko gehien”, nabarmendu du EHUko ikerlariak.
Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren MOVES dirulaguntza-programen eraginkortasunari dagokionez, EHUren azterketak dio ez direla behar bezala funtzionatzen ari. Jabetzaren inguruko datuak eta laguntza ekonomikoen lurralde mailako banaketa biak batera aztertuta, ikerketak ondorioztatu du baliabide publikoak ez direla iritsi gehien behar dutenengana.