
47 milioi euroko funtsak eskuratu zituzten Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioko ikertzaileek 2024. urtean, 2023an baina bi milioi euro gehiago. Ikerbasquek jakinarazi du urtebetean bederatzi herrialdeetako 45 ikertzaile erakarri dituela, eta orotara 35 herrialdeetako 402 profesional: 201 ikertzaile “kontsolidatu”, 112 gazte promesa eta 89 'Research Associate' (aurreko bi kategorien maila ertaina).
Ikertzaile horietatik gizonezkoak ziren %68 eta emakumezkoak soilik %32. Jakintza arlotan banatuz gero, ia erdiak (%44) zientzia esperimentalen arloko espezialistak izan ziren; %26 izan ziren medikuntza zientzietako ikertzaileak, %16 ingeniaritza arlokoak eta %14 giza eta gizarte zientzietako adituak.
Aldi berean, 2024an 1.553 artikulu argitaratu zituen Ikerbasquek, “nazioarteko eragin handiko indexatutako aldizkarietan", eta horrek “bikaintasun zientifikoa sendotu” duela azaldu du fundazioak. Gainera, ikertzaileak erakartzeko Ikerbasqueren programa sei aldiz izendatu dute garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimen onena. Gauzak horrela, Ikerbasquek EAE definitu du “zientziaren arloko Europako erreferente” gisa.