• EKONOMIA
  • Ikerketa sustatzeko laguntzak eskainiko dituzte Eusko Ikaskuntzak eta unibertsitateek

Ikerketa sustatzeko laguntzak eskainiko dituzte Eusko Ikaskuntzak eta unibertsitateek

Deialdia irekia izango da gaiei dagokionez, eta proposamenak euskaraz, gaztelaniaz zein frantsesez egiteko aukera egongo da

Ikerketa sustatu eta babesteko programaren aurkezpena | Argazkia: Eusko Ikaskuntza
Ikerketa sustatu eta babesteko programaren aurkezpena | Argazkia: Eusko Ikaskuntza
2024eko urriaren 30a
Eg. 2024eko urriaren 30a

Ikerketa sustatu eta laguntzeko programa berria aurkeztu dute gaur. Ekimena Donostiako Eusko Ikaskuntzaren egoitza nagusian ezagutarazi dute. Lehenengo deialdi hau azaroaren 22ra bitartean egongo da zabalik, eta xede nagusia da ikerketa prozesuen hasieran laguntza eskaintzea.

 

Programa hau Eusko Ikaskuntzak jarri du martxan Euskal Herriko zazpi unibertsitaterekin: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionala, eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea.

2024-2025 ikasturtean hiru dirulaguntza emango dira deialdian parte hartzen dutenen artean, bakoitza 2.000 eurokoa. Betiere, aurkezteko derrigorrezkoa izango da doktoregaia izatea, masterreko ikaslea, edota graduetako 4. edo 5. mailako ikaslea izatea. Hautagaiak banaka zein taldeka aurkeztu ahal izango dira. Javier Arrieta programaren koordinatzaileak azaldu du proposamenak euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez egiteko aukera egongo dela, baina euskarari emango zaiola lehentasuna. Gehitu du gaiei dagokionez deialdi librea den arren lehentasunezko hamahiru ikerketa gai finkatu direla, “eremu anitzekoak”.

 

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak adierazi du deialdia hau sustatu dela Eusko Ikaskuntzak unibertsitateekin 2021. urtean sinatu zuen hitzarmen markoaren ondorioz.