Aste Nagusietan askok jai giroaz gozatzen duten bitartean, beste batzuek lan baldintza duinak aldarrikatzeko greba egingo dute. Ikuskizun eta ekitaldietako EAEko langileek, ESK, LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuen babesarekin, lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5ean Gasteizen, 14an Donostian eta 26an Bilbon. Sektoreko prekarietatea salatu, lan hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa amaitu eta lan baldintza duinak eskatu dituzte. Deialdiak Gazteizko Txosna Batzordearen, Donostiako Piraten eta Bilboko Konpartsen babesa ere jaso du.
Langileen ordezkariek adierazi dutenez, bi urte baino gehiago daramatzate hitzarmena negoziatzen, inongo emaitzarik lortu gabe, eta salatu dute sektoreak oinarrizko lan eskubideen urraketak pairatzen jarraitzen duela. Gainera, lan ikuskaritzan aurkeztutako salaketen bidez hainbat enpresaren aurkako lehen epaiak izan dituztela nabarmendu dute. Haien esanetan, "kultura ezin da esplotazioaren sinonimo izan", eta enpresek negoziazioari berriro ekin arte mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi dute.
Langileen arabera, patronalak aurkeztutako proposamenek ez dute egoera hobetzen. Besteak beste, ordutegiak eta txandak aurrerapen nahikorik gabe jakinaraztea, langileak etengabe enpresaren esanetara edukitzea, eta gaueko lanaren, aparteko orduen edo lanaldien arteko atsedenaren inguruko hobekuntzarik ez bermatzea kritikatu dute. Horregatik, jaietan protestari eutsiko diotela berretsi dute.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta