Greba eguna dute gaur ekitaldi eta ikuskizunetako teknikariek. Zehazki, Bizkaian egingo dute greba, Bilboko Aste Nagusiaren testuinguruan. Teknikariok elkarteak deitu du mobilizazioa eta ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT sindikatuek bat egingo dute. Sektorerako lan baldintza “duinak” eta lan hitzarmen kolektiboa onartzea eskatzen dute. Salatu dutenez, negoziazioek bi urte baino gehiago daramatzate blokeatuta.
Aurretik Araban eta Gipuzkoan ere greba eguna eginak dira teknikariak. Abuztuaren 5ean, Gasteizko Aste Nagusian ezin zituzten mobilizazioak, eta abuztuaren 14ean Donostiako Aste Nagusian.
Gaurkoan, mobilizazio nagusia Bilboko Arriaga plazan egingo dute, arratsaldeko 17:00etan. Era berean, egunean zehar zenbait pikete antolatu dituzte hirian. Greba dela eta, egunean zehar programatutako zenbat emankizun bertan behera geratu dira. Halaber, Bilboko Konpartsek elkartasuna adierazi diete sektoreko langileei, eta gaurko musika egitaraua bertan behera uztea erabaki dute. Bilboko Udalak, aldiz, bere egitarauarekin aurrera jarraitzea erabaki du.
Teknikariek sektoreko prekarietatearekin amaitzea dute helburu eta hainbat negoziazio saiakera egin dituzte Euki patronalarekin. Sindikatuen esanetan, "lana eta bizitza pertsonala uztartzeko eskubidea" bermatzea nahi dute, eta hori dela eta, eskatzen dute, besteak beste, lan egutegiak nahiz ordutegiak behar besteko aurrerapenarekin jakinaraztea, lanaldien arteko atsedenaldiak errespetatzea eta gaueko lana, aparteko ordu nahiz jaiegunetako lanagatik konpentsazioak ematea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta