• EKONOMIA
  • BIEMHek nazioartean duen presentzia indartzeko misioa egin du Indiara

BIEMHek nazioartean duen presentzia indartzeko misioa egin du Indiara

BECeko ordezkaritzak zenbait hiri bisitatuko ditu, Indiako industria-sektorearekin harremanak estutzeko, 2026ko Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoari begira

BECeko ordezkaritzak New Delhi, Bombay eta Pune hiriak bisitatuko ditu | Argazkia: BEC
BECeko ordezkaritzak New Delhi, Bombay eta Pune hiriak bisitatuko ditu | Argazkia: BEC
2025eko urriaren 8a - 15:30

Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokak misio bat abiarazi du Indiara, Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekorako (BIEMH) nazioarteko bisitariak erakartzeko estrategiaren baitan. Fabrikazio aurreratuari eta industria-berrikuntzari eskainitako Europako azoka garrantzitsuenetako bat da BIEMH, zeina AFMk, AIMHEk eta BECek antolatzen duten, Eusko Jaurlaritzaren Spri taldea bazkide izanik.

 

Gauzak horrela, Cristina Campo BECeko Bisitarien zuzendaria buru duen ordezkaritza bost egunez ibiliko da New Delhi, Bombay eta Pune hirietan, enpresekin, sektoreko elkarteekin eta merkataritza-ganberekin lankidetza sendotzeko asmoz. Ekimenaren helburua da BIEMH azokak Indiako merkatuarekin duen harremana sendotzea, aurreko edizioetan ere bertako enpresek parte hartu baitute, baita epe ertain eta luzera lankidetza-bide berriak irekitzea ere.

“India ekonomia oso indartsua da, egonkorra eta hazkunde handikoa, batez ere, automobilgintzan, defentsan eta sektore aeroespazialean”, nabarmendu du Campok, eta azpimarratu du “gaur egun enpresek zer behar dituzten ulertu eta neurriko irtenbideak eskaini” beharra dagoela.

 

BIEMH azokaren hurrengo edizioa 2026ko martxoaren 2tik 6ra egingo da BECn, eta, jakinarazi dutenez, hogeita sei herrialdetako mila enpresa baino gehiagok hartuko dute parte. Makina-erremintaren, automatizazioaren, robotikaren eta digitalizazioaren alorreko azken berrikuntzak erakutsiko dira bertan. Gainera, antolatzaileen esanetan, azoka “munduko erreferentzia” bihurtu da, 2024an 67 herrialdetako 37.500 bisitari baino gehiago bildu baitzituen.

“Nazioartekotzea tokian bertan eraikitzea da, merkatuak ezagututa eta enpresekin aurrez aurre hitz eginda”, gaineratu du Campo, topaketa bakoitza negozio-aukera erreal bat dela azpimarratuta.