• EKONOMIA
  • Industria ekoizpena nabarmen handitu zen abuztuan Nafarroan, baina berdintsu mantendu zen EAEn

Industria ekoizpena nabarmen handitu zen abuztuan Nafarroan, baina berdintsu mantendu zen EAEn

Garraio materialen ekoizpena %51,4 igo zen, urtetik urtera, Nafarroan; kontrara, %17,4 jaitsi zen ekoizpena EAEn

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko urriaren 6a - 16:07

Abuztuan izandako industria ekoizpenaren datuak jaso dituzte Nastatek eta Eustatek —Eustatek atzo argitaratu zituen—, eta datuei erreparatuta ikus daiteke joera oso bestelakoa izan dela bi lurraldeetan: ekoizpena %12,7 handitu da urtebetean Nafarroan, eta %3,3 beheratu da, ordea, EAEn. EAEren kasuan, beherakada Arabako eta Bizkaiko jarduerari zor zaio, hurrenez hurren iaz baino %11,8 eta %5,2 produzitu baita; Gipuzkoan produkzioa %3,2 igo da aldi berean. 

 

2026ko uztailarekin, alegia, aurreko hilabetearekin alderatuta, ekoizpena jaitsi egin da, bai Nafarroan (-%13,2), bai EAEn (-%1,2). 

Jarduera adarren arabera, Nafarroan nabarmentzeko igoera izan du garraio-materialak, ekoizpena %51,4 igo baita urte artean. Gainerako adarrek ere gorakada izan dute, apalagoa bada ere: %9,7koa nekazaritza elikagaien industrian, %4,8koa industria metalikoan eta %4,2koa bestelako manufaktura-industrian zein energian; igoerarik txikiena papera, zura eta altzarien adarrak izan du, urte arteko %2,3ko hazkundearekin. 

 

EAEn, jarduera adar guztietan antzeman da beherakada, bakar batean izan ezik: zurgintza, papera eta arte grafikoen industrian %6,3 gehiago ekoitzi da 2025eko abuztuan baino. Gainerako sektoreek, gutxiago ala gehiago, beherakada izan dute. Azpimarragarriena garraio-materialaren adarra izan da, Nafarroan gertatu denaren kontrara ekoizpena %17,4 jaitsi baita urtetik urtera. 

Ondasunen xedearen arabera, Nafarroan ekoizpena batik bat handitu da inbertsio ondasunen kasuan, %32,5eko igoerarekin; bitarteko ondasunen ekoizpena %6,8 hazi da, eta kontsumo-ondasunena, aldiz, %5,3. EAEn, ordea, behera egin dute ia indize guztiek: %8,0 ekipo ondasunek, %4,9 bitarteko ondasunek eta %2,0 kontsumo ondasunek. Energiaren adarrak, aldiz, %12,7ko hazkundeari eutsi dio.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain