
Ekaineko industria ekoizpenari loturiko datuak eman dituzte atzo eta gaur bitarte Eustatek eta INEk. Eustatek jasotakoaren arabera, industria ekoizpenak %0,4 egin du gora ekainetik maiatzera, baina iazko ekainarekin erkatuz gero %1,6ko murrizpena ikus daiteke. INEren datuetan ere jasotzen da EAEko industria produkzioan urtebetean izandako beherakada, kasu horretan, %0,6koa. Bi estatistika etxeek ematen dituzten portzentajeetan puntu bateko aldea ikustea deigarria izan badaiteke ere, ez da ezohikoa: datua eskuratzeko Eustatek zuzenean euskal enpresen datuak jasotzen ditu, eta INEk, berriz, Espainia mailako laginari erregio bakoitzeko estimazioak aplikatzen dizkio. Edozein kasutan, aldeak alde, bi estatistika institutuen zifretan argi ageri da ekoizpen industrialak behera egin duela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
Eustaten datuei jarraiki, kontsumo-ondasunetako ekoizpena %1 jaitsi da sektore guztia kontuan hartzen bada, eta horretan eragin du batez ere kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen portaerak, zeinetan ekoizpena %1,8 jaitsi baita. Talde horretan sartzen dira elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko jarduerak, garbiketa- eta higiene-produktuen fabrikazioa, farmazia-produktuak eta janzteko arropen produkzioa. Aldiz, igoera
Nafarroan, berriz, ekoizpenak gora egin du: INEko datuak abiapuntu hartuta Nastatek egiten duen lanketaren arabera, %4,2 hazi da iazko ekainetik, eta %3,5 maiatzetik. Urte arteko tasaren hazkundean gehien eragin duen elementua energia da, zeina %25,6 hazi den. Are gehiago, energia alde batera utziz gero, urte arteko industria ekoizpena %2,5 hazi da. Hazkundean eragin duen beste sektore bat da papera, zura eta altzariena, %14,7 hazi dena.