• EKONOMIA
  • Industria ekoizpenak beherakada arina izan du EAEn, baina igo egin da Nafarroan

Industria ekoizpenak beherakada arina izan du EAEn, baina igo egin da Nafarroan

%0,8 jaitsi da produkzioa EAEn, eta %2,7 handitu Nafarroan

Ekoizpena bikoiztu egin da Nafarroan abuztuarekin alderatuta | Argazkia: iStock
Ekoizpena bikoiztu egin da Nafarroan abuztuarekin alderatuta | Argazkia: iStock
2025eko azaroaren 6a - 11:58

2025eko irailean, Industria Ekoizpenaren Indizea aurreko urteko hil berean baino %0,8 txikiagoa izan da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta, kontrara, %2,7ko hazkundea izan du Nafarroan. Hala ere, hilabete arteko alderaketan, industria-jarduera %0,6 hazi da EAEn, eta igoera oso handia izan da Nafarroan, %54,4koa.

 

EAEn, lurraldeen arteko aldeak nabarmentzen dira: Araban ekoizpena %10 jaitsi da urte artean, baina Gipuzkoan %2,5 eta Bizkaian %0,8 handitu da. Datuok Eustat eta Nastat estatistika erakundeek eskainitakoak dira.

Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera bilakaera desberdina izan da. EAEren kasuan, kontsumo ondasunen ekoizpena %2,1 igo da, batez ere kontsumo iraunkorrekoen sektoreak (altzariak, etxeko tresnak…) izan duen %12,3ko hazkundeari esker. Aldiz, kontsumo ez-iraunkorreko ondasunak, hala nola, elikagai edo garbiketa produktuak, %0,3 jaitsi dira. Ekipamenduko ondasunen ekoizpena %1,6 murriztu da, eta bitarteko ondasunen ekoizpena ere %1,5 jaitsi da. Energia sektoreak izan du hazkunderik handiena, %4,2koa, aurreko urteko iraileko datuekin alderatuta.

 

Nafarroan, industria-sektorearen portaera positiboa izan da: kontsumo ondasunen ekoizpena %5,3 handitu da, bitarteko ondasunena %1,3 eta energiaren ekoizpena %13,3. Inbertsio ondasunek, ordea, %0,7ko beherakada izan dute aurreko urteko hilabete beraren aldean.