
Maiatzaren 10ean Gasteizko Vital Fundazioaren Kulturunea aretoa euskal film laburraren erdigune bihurtu zen. Bilboko Caostika jaialdiaren antolatzaileek Euskal film laburren merkatuaren bigarren edizioa Arabako hiriburura ekarri zuten, lehenengoa beraien hirian antolatu ostean. Aurten, Caostika, Gidoi (Euskadiko Gidoigileen Elkartea) eta ICOFF jaialdia izan ziren ekitaldiaren antolatzaileak.
Jardunaldian film laburraren sorkuntza eta ikusgaitasuna bultzatzeko hainbat hitzaldi eta mahai-inguru burutu ziren. Goiza Euskal film laburra izeneko eztabaidarekin hasi zen. Bertan, industriako ahots nabarmenak Euskal Herriko film laburraren orainaz eta etorkizunaz hausnartu zuten.
Kevin Iglesias ekoizle eragileak zinea sortzeko baldintzei buruzko ikuspegi kritikoa eskaini zuen. Esaterako, ikus-entzunezko laborategien arteko desberdintasunak azpimarratu zituen. Tamara Lucarini, Tabakalerako Noka mentoretza programan parte hartu zuenak eta Kimuak katalogoan film bat duen zuzendari eta gidoilariak, bere ikuspuntua eman zuen sorkuntzatik.
Bestalde, Naiara Olite ekoizpen zuzendariak gaur egungo film laburren kalitate handia goraipatu zuen. Horrekin ados agertu zen Kepa Sojo, ICOFF jaialdiko arduraduna eta zinemagilea dena. Sojoren ustez, zinemagileen prestakuntza asko hobetu da azken hamarkadetan, eta, horren ondorioz autodidaktak izan zirenak baino kalitate handiagoko lanak aurkezten dituzte. Alabaina, jaialdiek gaur egun kalitate eskaseko lanak ere jasotzen dituztela adierazi zuen. Bukatzeko, Olitek gaineratu zuen nahiz eta Euskal Herrian profesional apartak egon, horiek kontratatzeko zailtasunak daudela, ekoizpen gorakadaren ondorioz guztiak proiektuetan murgilduta daudelako.
Jardunaldian film laburraren sorkuntza eta ikusgaitasuna bultzatzeko hainbat hitzaldi eta mahai-inguru burutu ziren
Jarraian, baliabide, dirulaguntza eta babes programen inguruko informazio hitzaldi bat eskaini zen. Honen helburua bertara hurbildu ziren sortzaileei proiektuak aurrera eramateko bideak aurkeztea izan zen.
Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria ezin izan zen bertaratu, baina honek eskaintzen dituen laguntzen ikuspegi orokorra eskaini zen. Besteak beste, euskarazko jatorrizko bertsioaren eta gure lurraldean filmatzearen garrantzia aipatu zen.
Sonia Pacios APIKA, Arabako Ikus-entzunezko Produktoreen Elkartearen izenean, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak eskainitako dirulaguntzak zehaztu zituen. Gainera, hurrengo deialdiak zabalagoak izango direla iragarri zuen, diru gehiago eskainiz edota proiektu gehiago lagunduz.
EITBk, bere aldetik, bere laguntza eredua azaldu zuen. Euskal telebista publikoak indartsu nabarmendu zuen ez dituela dirulaguntzak ematen, baizik eta film laburrak bere emanaldietarako erosi. Gainera, Kimuak eta Aukera bezalako proiektuekin kolaborazioak egiten dituztela gogoratu zuten.
Kimuak katalogoaren koordinatzaileak, Esther Caberok, ere parte hartu zuen. Kimuak katalogoak kalitate esanguratsuko euskal film laburren banaketan laguntzen duela azaldu zuen. Bukatzeko, Eguzkiñe Aranzibiak, Aukera ikus-entzunezko laborategiko koordinatzaileak, beraien programaren berri eman zuen. Besteak beste Aukera Lab-en parte-hartzeko baldintzak aldatu direla adierazi zuen, orain, edozein adineko emakumeei zabalik dagoelarik.
Bertaratutako lagunek galderak egiteko aukera izan zuten eta finantzaketa jasotzeko baldintzak izan ziren zen kezka nagusia. Esaterako, dirulaguntza publikoen gehienezko %85 kalkulatzerakoan babes publiko eta pribatuak behar bezala kalkulatzeko zalantzak agertu ziren.
Euskal film laburraren merkatuaren bigarren edizio honek antolatzaileek eta bereziki Caostikak industriaren bultzadarekiko duten konpromisoa berretsi zuen
Halaber, hiru euskal probintzietan indarrean dauden zerga-pizgarriei buruzko eztabaida sakona alderatu zen, baina hainbat ideia azaleratu ziren. Pizgarri horiei dagokionez, enpresa eta network handiek Euskal Herria “kolonizatzeko” arriskua berretsi zen, hau da, beraien lanak egin eta gero alde egiten dutela. Ondorioz, euskal industria sendo bat eraikitzeko ekoizpen independenteak beharrezkoak direla ikusarazi zen.
Ekitaldiak aurrera jarraitu zuen Gidoi elkarteak bultzatutako sortzaileen aurkezpenarekin. Zehazki, euskal emakume egileentzako II. Film laburren gidoi lehiaketako sortzaileak izan ziren beraien esperientziak azalduz.
Goiza amaitzeko networking saio animatu bat antolatu zen Vital Fundazioaren Kulturunean. Hizlariak, antolatzaileak eta bertaratutako sortzaileek elkar-ezagutzeko tartea izan zuten, industriaren pizgarri gisa. Harremanak sortu, ideiak trukatu eta etorkizuneko proiektuetarako kolaboratzaileak aurkitu ahal izan zituzten giro lasai batean. Ekitaldia arratsaldean amaitu zen, ICOFF jaialdiaren sari-banaketaren galarekin.
Euskal film laburraren merkatuaren bigarren edizio honek antolatzaileek eta bereziki Caostikak industriaren bultzadarekiko duten konpromisoa berretsi zuen. Berriro ere sektoreko profesionalen arteko topagune eta lankidetzarako espazio erabakigarri bat finkatu zuen, zeinetan sinergiak sortzeaz gain kezkak eta irtenbideak plazaratu ziren.