• EKONOMIA
  • Industria jarduera hazi egin da azaroan

Industria jarduera hazi egin da azaroan

Eustatek argitaratu duenez, produkzioak metaturiko hazkundea %10,4koa izan da urtarriletik azarora, biak barne

Iberpapelen lantegia Zinkuñagan (Hernani, Gipuzkoa) | Argazkia: EnpresaBidea
Iberpapelen lantegia Zinkuñagan (Hernani, Gipuzkoa) | Argazkia: EnpresaBidea
Donostia
2022ko urtarrilaren 12a - 18:26
Eg. 2022ko apirilaren 28a - 17:55

Gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoko industria jarduerak: 2021eko urtarriletik azarora, %10,4koa izan da produkzioak metaturiko hazkundea. Hala iragarri du Eustatek gaur argitaratutako Industria-Produkzio Indizean, non azaro arteko datuak jasotzen diren. Bestela esanda, Industriak ez du lortu oraindik pandemia aurreko datuetara itzultzea, baina gero eta hurbilago dago; 2020an %13,3 erori zen, itxialdia eta oro har pandemia zirela medio.

 

Iazko jaitsiera nabarmenena martxotik ekainera izan zen, pandemiak eztanda egin zuenean, hain juxtu. Dena den, horren ondoren ere industriak ez zuen lortu koronabirus aurreko jarduera berreskuratzea. Horregatik guztiagatik, urte arteko aldakuntza tasa asko igo da aurtengo martxotik ekainera, baina ondoren apur bat egonkortu da, irailan eta urrian jaitsiera txiki bat izan bada ere. Egonkortze horren erakusle dira azaroko datuak: hilabete horretan, 2020ko eta 2021eko datuak hartuta, ekoizpenak %6,6 egin du gora.

Lurraldeka, Gipuzkoak izan du hazkuntza handiena, bai metaturiko hazkundean, bai azarokoan bakarrik: %13 hazi da, iazko lehen hamaika hilabeteetako zifrekin erkatuta, eta %9 iazko azaroa eta aurtengoa hartuta. Metaturiko hazkundean, Bizkaia izan da bigarren, %9,3 igo baita, eta Araban, berriz, %8,1. Aldiz, azarokoetatik abiatuta, Araba %6,9 igo da eta Bizkaia %3,9. 

 

Hazkundea sektoreka

Eustaten arabera, kontsumo ondasunak %17,9ko hazkuntza izan zuten. Ondasun iraunkorrak —altzariak eta etxeko tresnak egiteko jarduerak— %19 hazi ziren, eta ez iraunkorrak, berriz, %17. Bigarren talde honetan sartzen dira elikagaien fabrikazioa eta banaketa, garbiketarako eta higienerako produktuen ekoizpena eta jantziak egitea. Ekipo ondasunek, aldiz, %8,6 egin zuten gora, energiak  %7,3, eta bitarteko ondasu sektoreak %2,2 —metalurgia tarteko—.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain