• EKONOMIA
  • Industria jarduerak % 3,5 egin du gora iazko apiriletik aurtengora

Industria jarduerak % 3,5 egin du gora iazko apiriletik aurtengora

Joan den hiletik % 1,1 handitu da

Hernaniko lantegi bat | Argazkia: EnpresaBIDEA
Hernaniko lantegi bat | Argazkia: EnpresaBIDEA
2022eko ekainaren 2a - 15:50
Eg. 2022eko ekainaren 7a - 12:37

Industria jarduerak goranzko bidean jarraitzen du EAEn. Iazko apiriletik aurtengora % 3,5 hazi da, Eustaten datuen arabera, eta lehen lau hilekoko hazkunde metatua % 6,8koa izan da, azkeneko hilabetean igoera % 1,1ekoa izanik.

 

Urte arteko portaera kontuan hartuz gero, energiak behera egin du (% 4,6). Hori hala izanik ere, ikusteko dago urteko bigarren hiruhilekoko zifrak ateratzen direnean, joera orokorra hori izango den ala ez. Lehenengo hiruhilekoko datuetan energia jarduerak gora egin zuen.

Aldiz, ekipo ondasunen sektorea izan da gehien hazi dena iazko apiriletik aurtengora, % 10,7. Sektore honen barruan sartzen dira dira motordun ibilgailuen fabrikazioa, tren eta trenbide makinena, aerontziena eta itsasontziena. Bitarteko ondasunen kasuan —metalurgia, industria kimikoa, kautxu eta plastikoa— , % 1,1eko hazkundea izan dute. Kontsumo ondasunak, berriz, % 0,9 egin du gora. Hala ere, nabarmentzekoa da kasu horretan soilik kontsumo ondasun ez iraunkorrek —elikagai, garbiketa produktu, arropa— egin dutela gora, % 1,6, kontsumo ondasun iraunkorrak —altzairuak eta etxe tresnak— % 1,6 jaitsi baitira.