Industria sektorearen etorkizuna auzitan dagoela uste du LAB sindikatuak. Gaur egin duten prentsaurrekoan industriaren (bereziki, metalurgiaren) egungo egoera eta etorkizunaren gainean hausnartu dute sindikatuko kideek, kezkati, hainbat eta hainbat arrazoi direla eta.
Sindikatuak jasotako datuen arabera, sektorean lan egiten dutenak gero eta gutxiago dira, azken urteetan plantillak murriztu egin direlako. Hala ere, enpresek laguntza publikoak jasotzen dituztela adierazi du LABek, eta, hortaz, ondorioztatu daiteke konpainiek egiten duten inbertsioa ez dela produktiboa. “Lan baldintzak okertzen ari dira eta prekaritatea areagotzen, eta, bitartean, enpresa askoren irabaziak handitzen ari dira”, salatu du Kris Gete LABeko Industria Federazioko arduradunak.
Hori demostratzen duten datuak aletu ditu Gorka Vidal ekonomialariak: gaur egun 2011n baino 2.508 industria enpresa gutxiago daude Hego Euskal Herrian; metalarekin zerikusia duten azpisektoreetan eragina bereziki nabarmena izan da: “Metalurgiaren gainbehera da agerikoena: burdinazko, altzairuzko eta ferroaleaziozko produktuen fabrikazioan 164 enpresa gutxiago daude 2011tik hona, eta 4.577 langile gutxiago”, azaldu du Vidalek. Beste azpisektore batzuetan (elikagaien industria, farmazia produktuen fabrikazioa…) langile gehiago zenbatu dira 2011n baino, baina hala ere kopuru hori baxuagoa da galdu diren enpleguekin alderatuz gero. Gauzak horrela, ehun industriala ahultzen ari dela ondorioztatu du sindikatuko kideak, enplegu prekarioa areagotzen eta talentua beste herrialde batzuetara joaten ari den une beran.
Armagintza ere izan dute hizpide prentsaurrekoan. Izan ere, sindikatuak salatu du armagintza sustatzen ari dela “industria berrindartzeko aukera estrategiko gisa, opakutasun handiz eta atzeko atetik”. Ohartarazi dute lehen jarduna industria zibilera bideratzen zuten konpainiak laguntza publikoak erabiltzen ari direla industria militarrera salto egiteko, funts horiek “industriaren eraldaketa ekosozialerako baliatu beharrean”. Ildo beretik, LABekoek beharrezkotzat jo dute “enplegu duina, kontrol publikoa eta etorkizun sozial eta ekologikoa bermatuko duen industria”, eta hori lortzeko lau oinarri ezarri dituzte: enplegua babestuko duen trantsizio ekologiko industriala planifikatzea; diru publikoa eskuratzeko baldintza zorrotzak ezartzea; langileen parte hartzea handitzeko mekanismoak jartzea; eta enplegua, berrindustrializazioa eta bidezko trantsizioa bermatzea.