• EKONOMIA
  • EAEko industria prezioak %5 baino gehiago igo dira urtebetean

EAEko industria prezioak %5 baino gehiago igo dira urtebetean

2026ko martxotik apirilera sektoreko prezioak %1 hazi dira, Eustaten arabera

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko maiatzaren 22a - 11:18
Eg. 2026ko maiatzaren 22a - 14:13

Eustat estatistika erakundeak eskainitako azken datuen arabera, apirilean, Euskal Autonomia Erkidegoan, industria sektoreko prezioak %1 handitu ziren, martxoaren aldean. Urte arteko tasan, bestalde, hau da, 2025eko apirilaren aldean, prezioak nabarmen egin dute gora: %5,1.

 

2026ko apirilean, industria kimikoak, altzariek, zenbait manufaktura-industriek eta konponketen eta instalazioen azpisektoreak izan dute prezio igoerarik handiena (%3,7), martxoaren aldean. Petrolio findegietako industria prezioak ere %3,6 igo dira hilabete batetik bestera.

Aitzitik, prezioetan hilabete batetik bestera beherakada handiena izan duten azpisektoreak erauzketa (%1,2ko jaitsiera) eta produktu informatikoen, elektronikoen eta optikoen fabrikazioa (-%0,8) izan dira.

 

Urte artean, 2026ko apirila 2025eko apirilaren aldean, prezio igoerarik handienak koke lantegi eta petrolio findegitan (%45,6) eta produktu farmazeutikoen fabrikazioaren (%9,8) adarretan izan dira. Kontrara, produktu informatiko, elektroniko eta optikoen fabrikazioa adarreko prezioek urte arteko %7,2ko jaitsiera izan dute eta elikaduraren, edarien eta tabakoaren merkatukoek %3,8koa.