2024ko abenduan igo egin ziren industria-prezioak Hego Euskal Herrian, bai 2024ko azaroaren aldean, baita aurreko urteko abenduaren aldean ere.
Zehazki, urte artean %5,0 eta %1,6 handitu ziren prezioak EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren. Igoera %1,2koa izan zen azaroaren aldean EAEn, eta %0,8koa Nafarroan. Espainiako estatuari dagokionez, urte artean hazkundea %2,3koa izan zen, eta aurreko hilabetearen aldean %0,9koa.
Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera sailkatuta, 2024ko azaroaren aldean, energiaren kostua igo da gehien, %6,7 EAEn eta %4,2 Nafarroan. Bitarteko ondasunen kasuan ere hazkundea izan da, %0,3koa Nafarroan eta %0,1ekoa EAEn. Ekipo ondasunen prezioak, aldiz, berdin mantendu dira Hego Euskal Herrian, %0,0ko aldakuntza tasarekin.
Bestalde, kontsumo-ondasunen prezioak %0,1 handitu dira EAEn, baina %0,1 jaitsi Nafarroan; izan ere, Hego Euskal Herri osoan %0,2 jaitsi dira kontsumo-ondasun ez-iraunkorren kostuak, baina %1,2 (EAE) eta %0,2 (Nafarroa) igo dira kontsumo-ondasun iraunkorrenak.
Urte arteko datuei erreparatuta, energiaren prezioa hazi da gehien Nafarroan, hots, %23,4; EAEn zifra hori %2,5ekoa izan da. Bitarteko ondasunen kostua EAEn %0,5 txikitu den arren, %2,1 beheratu dira Nafarroan. Ekipo ondasunen kasuan igoera izan da Hego Euskal Herri osoan, %3,4 eta %2,2, Nafarroan eta EAEn.
Azkenik, kontsumo-ondasunen kostua %2,3 handitu da Nafarroan urte artean, eta %3,5 EAEn. Kontsumo-ondasun iraunkorrak %5,8ko igoera izan dute EAEn, baina prezioa %1,9 jaitsi da Nafarroan; kontsumo-ondasun ez-iraunkorren kasuan, prezioak %3,0 eta %2,5 hazi dira, hurrenez hurren, EAEn eta Nafarroan.