EAEn industria prezioak antzeko mantendu dira 2025eko azaroan: %0,3 igo dira, urriaren aldean. Urte arten, hau da, 2024ko azaroarekin alderatuta, prezioen hazkundea %1,3koa izan da. Hala jakinarazi du gaur Eustat estatistika erakundeak.
Industria prezioen indizeak lau sektoreren prezioen aldakuntzak eskaintzen ditu: ateratze-industriak, ura, manufaktura industria, eta energia elektrikoa, gasa eta lurrunaren industria. Urtebetean, ateratze-industriako prezioak eta uraren sektoreak izan dute igoera handiena: %4,1ekoa bi kasuetan. Manufakturaren sektorean %1,3ko hazkundea izan da, eta energiarenean, ordea, %1,0koa.
Manufaktura industriako hainbat azpisektoretan, ordea, prezioen gorakada askoz ere nabarmenagoa izan da: %12,6koa informatikako, elektronikako eta optikako produktuen fabrikazioaren kasuan; %10,3koa botiken fabrikazioarenean; material eta ekipo elektrikoen fabrikazioan ere kostuak %9,9 handitu dira.
Helburu ekonomikoaren arabera sailkatuta, kontsumo ondasunen prezioak %0,6 hazi dira eta ekipamendu ondasunetan %1,5ekoa izan da gorakada. Bitarteko ondasunen prezioak %0,7 handitu dira, eta, azkenik, energiaren prezioek %1,1 gorakada izan dute.