Industriako prezioek gora besterik ez dute egin apirilean, INEk argitaratutako azken datuen arabera. Hego Euskal Herrian goranzko joera orokorra izan da, batik bat, EAEn: prezioak %1,5 igo dira Nafarroan eta %13,3 EAEn, aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Energiaren prezioak eragin du, batik bat, igoera esanguratsu hori. Martxoarekin alderatuz gero, ordea, aldaketa samurragoa izan da: EAEn %1,8 handitu dira prezioak, eta Nafarroan zertxobait (-%0,2) beheratu dira.
Ondasunek ekonomian duten funtzioaren arabera sailkatuta, igoerarik azpimarragarriena energiarena izan da: urtebetean %39,5 garestitu da energia EAEn, eta %9,3 Nafarroan. Kontsumo ondasunen kasuan, %4,1eko gorakada izan da EAEn, eta %1,1ekoa Nafarroan; batik bat kontsumo ondasun ez-iraunkorren ondorioz gertatu da hori, prezioak, hurrenez hurren, %4,7 eta %1,1 handitu baitira. Ekipo ondasunei dagokienez, igoera %1,9koa izan da EAEn eta %1,6koa Nafarroan; bestalde, bitarteko ondasunen joera desberdina izan da bi lurraldeetan, EAEn %3,6 hazi diren arren, Nafarroan %0,3 jaitsi baitira.