
Eustat eta Nastat estatistika erakundeek Hego Euskal Herriko industria produkzioren beherakada iragarri dute. Datuen arabera, aurreko urteko abuztuan baino %1,8 eta %6,2 gutxiago ekoitzi da, hurrenez hurren, EAEn eta Nafarroan. Uztailarekin alderatuta, industria produkzioa nabarmen jaitsi da (%19,5) Nafarroan, baina EAEn ez da aldaketa handirik izan (%0,1eko igoera).
Ondasunen helburu ekonomikoa aztertuta, joera desberdina izan da Nafarroan eta EAEn. Izan ere, kontsumo ondasunen produkzioa %2,0 murriztu da urtebetean EAEn, baina %3,3 handitu da Nafarroan. EAEren kasuan, kontsumo ondasun ez-iraunkorrei zor zaie beherakada, %3,8 gutxiago produzitu baita; kontsumo ondasun iraunkorren produkzioa, ordea, %7,6 handitu da. Nafarroan kontrakoa pasa da: kontsumo ondasun ez iraunkorren produkzioa %6,1 igo da, eta kontsumo ondasun iraunkorrena, aldiz, %32,5 beheratu.
Ekipamenduko ondasunen, bitarteko ondasunen eta energiaren produkzioa jaitsi egin da 2024ko abuztuaren aldean Hego Euskal Herri osoan. Ekipo ondasunen produkzioa %1,7 eta %15,1 txikitu da, hurrenez hurren, EAEn eta Nafarroan; hurrenkera bera jarraituta, bitarteko ondasunen produkzioa %0,4 eta %1,9 beheratu da, eta energiaren produkzioa, aldiz, %5,4 eta %15,2 jaitsi da.