
Apirilean industria produkzioak behera egin du Hego Euskal Herrian, INE estatistika erakundeak gaur argitaratu dituen datuen arabera. Aurreko urteko apirilaren aldean, %6,0 beheratu da produkzioa Nafarroan eta %8,1 EAEn. Martxoko hilabetearen aldean ere zifrak baxuagoak dira: %9,9 beheratu da produkzioa Nafarroan eta %12,6 EAEn. Hala, urteko lehen lau hilabeteetan iaz baino %3,4 gutxiago ekoitzi da Nafarroan, eta EAEren kasuan ere zenbatekoa %1,6 txikitu da.
Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, Nafarroan eta EAEn, hurrenez hurren %7,2 eta %6,6 beheratu da kontsumo ondasunen produkzioa urtebetean, eta hurrenkera bera jarraituta, ekipo ondasunen produkzioa ere %8,6 eta %7,9 txikitu da. Bitarteko ondasunen zifrak erreparatuta beherakada handiagoa izan da EAEn (-%9,3) Nafarroan baino (-%4,3). Azkenik, energiaren produkzioa iaz baino %3,7 baxuagoa izan da EAEn, baina Nafarroan, ordea, %3,4 handitu da.